SUKALDE ETA GARBIKETA (HEZKUNTZA PUBLIKOA)

ELAk, azken greben ondoren, gainerako sindikatuen akordioa nabarmen hobetzea lortu du

2025/03/21
ELAk sinatu du 2 urterako izango den Hitzarmena. Sektore honetan ordezkaritza daukaten gainerako sindikatu guztiek ere bai. Hitzarmen honek, urtarrileko eta otsaileko lau greba egunetan aldarrikatutako eduki guztiak jasotzen ditu eta sektoreko langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen ditu: %9ko soldata igoerak, %17ko ratio hobekuntzak, 2 urte lehenago erretiratzeko eskubidea, azpikontratazioari ateak ixtea eta datozen 2 urteren barruan behin-behinekotasuna %5ean mantentzeko 55 lanpostuko EPEa jasotzen ditu, besteak beste.

Grebak dira beraz, gobernua hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak hobetzeko eta hezkuntza publikoa bera indartzeko neurriak hartzera behartzen dutenak.

Azken egunetan ELAk hitzarmen honen negoziaketan egindako ekarpenek ere erabat baldintzatu eta hobetu ditu gainerako sindikatuekin gobernuak aurrez itxita zituen edukiak. Hala nola garbitzaileen soldata igoera nabarmen hobetu da, gutxienez 55 lanpostuko EPEa deitzeko betebeharra jaso da, lan osasuna bermatzeko neurrientzat epeak eta zehaztasunak jaso dira edo 60 urtetik aurrera murriztu daitekeen lanaldi herena batera metatzeko eskubidea jaso da.

Hauek dira hitzarmenak jasotzen dituen eduki esanguratsuenak:

  • Ratio hobekuntza nabariak. Sukaldarien kasuan %17ko ratio hobekuntza (60 haur beharrean 50 artatzeko) eta garbiketan % 8koa.
  • Soldata. Kategoria igoera eta plusen bitartez 2021-2025 bitarteko erosahalamena berreskuratuko da. Sukaldarietan %9ko soldata igoera eta garbitzaileetan %7koa.
  • Erretiroa. Jardunaldi herena murrizteko eta metatzeko eskubidea 60 urtetik aurrera. Honek erretiroa 18 hilabete eta 2 urte bitarte aurreratzeko eskubidea suposatzen du.
  • Enplegua. 55 lanpostuko EPE berri bat deituko da datozen 2 urteren barruan, behin behikeotasuna %5ean mantentzeko.
  • Pribatizazioari atea itxi zaio
  • Lan osasuna. Arrisku psikosozialen azterketak eta lan kargen azterketak egiteko epe eta metodologia zehatzak.
  • Euskara. Sektoreko langileak euskalduntzeko neurriak
  • Berdintasun planak garatzeko neurriak
  • Sektorerako garrantsitsuak diren beste hainbat eduki. Besteak beste ordezkapenak egiteko neurriak edota baimenekin eta prozesuekin lotutako edukiak.

ELA da ordezkari kopuruan lehen sindikatua esparru honetan, LABekin parekatuta. ELAk ordezkaritza garrantzistua, afiliazio handia eta indarra duen esparruetan grebak daude eta grebak dira eduki esangurastuak lortzeko tresna.

Martxoaren 22an ELAk bere afiliaztuekin batzarra egingo du. Bertan, sinatutako hitzarmenaren edukiak partekatuko ditu eta berretsiko du hitzarmenari emandako sinadura.