ELAk babesa adierazten die Hezkuntza Plataformei eta 3.mailako azterketari uko egitea erabakitzen dutenei

2015/05/09
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari LOMCEren ezarpenean beste pauso bat den azterketa hau bertan behera uztea eskatzen die.

Aste honetan zehar Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan LOMCEren baitako 3 mailako azterketak ez egiteko erabaki irmoa agerian geratu da. Horretara deitu dute gaur Durangon Euskal Herriko eskualde, herri eta auzo eta ikastetxe ezberdinetako hezkuntza plataformek.

ELAren ustez azterketa hauek LOMCEren ezarpenean beste pauso bat dira eta jarraian inposatu nahi diren bigarren hezkuntzako eta batxillergoko errebaliden aurrerapena besterik ez dira.

LOMCEren baitako azterketa hauek gobernuen hezkuntza konpetentziei erabateko erasoa egiten die, hezkuntzaren zentralizatu eta kontrolatzea dute helburu eta sekulako inboluzioa suposatzen dute arlo pedagogikoan.

Horregatik ELAk babesa adierazten die 3. mailako azterketa hauei uko egitera deitzen duten hezkuntza plataformei. Era berean, sindikatuak hezkuntza langile, zuzendaritza, eskola kontseilu eta gurasoei ere honelako azterketei aurre egiteko bere eskura dituzten bitarteko eta balibide guztiak erabiltzera deitzen ditu.

ELAK Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egiten die LOMCEren ezarpenean beste pauso bat besterik ez den azterketa hau bertan behera uztera. Eta eskatzen die hezkuntza komunitateak eta herritarren gehiengo zabalak eskatzen dienari kasu egitea, gure hezkuntza sistema eta jendartea hezkuntza erreforma basati honen baitan ez sakrifikatuz.