Hezkuntza Publikoa
ELAk baliabide gehiago eta behin-behinekotasuna eta lan kargak txikiagotzea eskatu du
Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak adierazi du urrian deituko dituela hezkuntza publikoko negoziazio mahaiak eta aldi berean medioetan iragarri du behin-behinekotasuna %11n geratuko dela egonkortze prozesuen ostean. Horren aurrean, ELAko sektoreko ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bilboko Hezkuntza Delegaritzan, hezkuntza publikoaren erronkei aurre egiteko baldintzak eta neurri zehatzak eskatzeko, “adierazpenez haratago”.
Izan ere, sindikatuak gogorarazi du sektoreko behin-behinekotasuna %40 baino handiagoa dela, eta orain dela bi ikasturte abian jarritako egonkortze prozesuek ez dutela behin-behinekotasuna %8ra mugatuko. Orotara 32.000 langile inguruk egiten dute lan unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, horietatik 15.000 baino gehiago dira behin-behinekoak. Bada, egonkortze prozesuetan 5.000 lanpostu baino gutxiago eskaini dira. Ondorioz, behin-behinekotasunak %30ko langan jarraituko du. Gaineratu du ikasturtero 1.000 langile inguru erretiratzen direla, beraz, komunikabideetan Hezkuntza Sailak iragarritako LEPak oso urriak direla eta erretiroei erantzuteko besterik ez dutela balioko.
Gainera, EAEko hezkuntza publikoko irakasleek, heziketa bereziko langileek, sukaldari eta garbitzaileek zein Haurreskoletako langileek ia 15 urte daramatzate lan baldintzak arautzeko akordioak adostu gabe, “Hezkuntza Sailak ez duelako horretarako borondaterik izan”.
Ondorioz, dio ELAk, behin-behinekotasunaz gain, gehiegizko lan kargak dituzte, baita ratioak ere, ez dute denborarik lana ondo antolatzeko eta gehiegizko burokratizazioa jasaten dute. Gainera, %20ko erosahalmenaren galera metatu dute azken hamarkadan, eta langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa izan arren, ez dago neurririk erretiro aurreratua ahalbideratzeko eta plantillak gaztetzeko.
Sindikatuaren esanetan, Sailaren borondate faltaren beste erakusle bat da Haurreskoletan gertatutakoa. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen beste 77 langile gehiago egonkortu behar zirela gutxienez legea betetzeko. Epaia bete ordez, Hezkuntza Sailak errekurritzea erabaki du.
Hori guztia kontuan hartuta, kontzentrazioan ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio egoerari aurre egiteko neurriak aurkez ditzala mahai negoziatzailean eta iragarritako datuen inguruko azalpenak eman ditzala. Hala nola, neurriak hartu behar dira plantillak egonkortzeko, behin-behinekotasuna %8ra mugatzeko, ratioak txikiagotzeko, baliabideak handitzeko, burokraziarekin amaitzeko eta erosahalmena berreskuratzeko, besteak beste. Baita lan osasunari erreparatzeko ere, gero eta baja gehiago baitaude estresak eta antsietateak eraginda.
Gogoan izan lau greba egun egin zirela iaz sektorean. Aldarri horiei erantzun ezean, ELA prest dago mobilizazioen alde egiten jarraitzeko.