ELAk bihar Hendaian ikastolaren defentsan egingo den manifestazioa babesten du eta parte hartzera deitzen

2013/02/01
Sindikatuak gogor salatzen du Baionako suprefetaren erabakia. Izan ere. Hendaiako ikastolaren etorkizuna kolokan jartzeaz gain Iparraldeko ikastola guztiak jartzen baititu mehatxupean

Baionako Suprefetak Hendaiako Udalari ohartarazi zion ezin zuela diru publikoz lagundu, frantziar estatuaren ikastetxe publikoez haratago, ikastola baten eraikuntza, XIX. mendeko Falloux legean oinarrituz. Debeku honen ondorioz, ikastolek ezin izango lukete diru publikorik jaso beraien heziketa proiektua aurrera eraman ahal izateko, nahiz eta egun Iparraldean 3.000 ikasle baina gehiago eskolaratu eta euskaldundu.

Frantziar estatuaren erabaki honek Hendaiako ikastolaren etorkizuna kinka larrian jartzen du eta, erabakia zabalduz gero, Iparraldeko 30 ikastolen etorkizuna bera ere mehatxupean.

Frantziar estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen errekonozimendu eza, Iparraldearen onarpenik eza eta hezkuntza politika tamalgarria medio, ikastolak dira Iparraldean euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak.

Beraz, ELArentzat, Hendaian ikastola izatea eta bere zabaltzea galaraztea, eta Iparralde osoan gauza bera egiteko mehatxua luzatzea, biziki larria da eta euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren aurkako eraso onartezina.

Horregatik, larunbat honetarako, 17:00etan Hendaiako tren geltokitik abiaturik, Seaskak deitu duen manifestazioarekin bat egiten du ELAk eta bertan izango da, eta modu berean bere militanteei eta euskal jendarteari dei egiten die bertan parte hartzera.