ELAk, Steilasek eta CCOOek EAEko itunpeko ikastetxeetan mobilizazioa berriz aktibatuko dute, patronalak lortutako akordioa bete gabe jarraitzen badu

2020/06/05
Patronalei azaroaren 9an lortutako "birkokatze akordioa galaraztea" leporatu diete, eta Hezkuntza Sailari, berriz, gatazkan jarrera pasiboa hartzea. Gogorarazi dute patronalek eta sindikatuek birkokatzeko akordio bat adostu eta sinatu zutela Hezkuntza Sailarekin azaroaren 9an (grebari amaiera eman ziona), birkokatze horren helburuak eta prozedurak zehazten dituena, eta, beraz, Hezkuntza Sailari eskatu diote bere erantzukizuna bere gain har dezala.

ELAk, Steilasek eta CCOOek iragarri dute mobilizazioa berriro martxan jarriko dutela EAEko Gizarte Ekimeneko Zentroetan, baldin eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek ez badute betetzen azaroaren 9an lortutako akordioa, grebari amaiera eman zion akordioa, hain zuzen ere. Patronalak adostutakoa bere gain hartzeko borondaterik erakutsi ez duela eta prozesua etengabe oztopatzen eta atzeratzen aritu dela adierazi dute. Ekainaren 4ko negoziazio-mahaian egiaztatuta geratu da gertaera hori: "Patronalak argi utzi zuen ez duela inolako asmorik jada sinatuta dituen funtsezko irizpideak araudian sartzeko; aitzitik, aurretik hartutako konpromisoak indargabetu nahi ditu, lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko sistemaren eraginkortasuna zalantzan jarriz".

Sindikatuen arabera, patronalaren asmoa argia da: greba amaitzeko akordioaren baldintzak eta espiritua aldatzea. "Gobernuaren finantziazioa jaso nahi du erretiro partzialen eta kaleratzeen kostua ordaintzeko, baina lanpostua galtzen duten sektoreko langileak irizpide objektiboen bidez birkokatzeko konpromisoa hartu gabe, eta eskatu ahalako kontratazio-politikari eutsiz", laburbildu dute.

Akordio horrek, besteak beste, honako hobekuntzak jasotzen ditu: galdutako erosteko ahalmenaren ia erdia berreskuratzea; kolektibo ezberdinentzako lan pertsonaleko ordu osagarriak aitortzea; %75eko erretiro partziala eta lanaldiaren %100eko kontratu mugagabea duten errelebo-langileak kontratatzea kolektibo guztientzat; birkokatzeko irizpide objektiboak ezartzea; eta matrikulazio-bajagatik lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko bermea. Gainera, oztopo historikoak gainditzea lortu zuen, hala nola, patronalek soldata eta lan baldintzak finantzaketa publikoari lotzeko duten betiko asmoa.

Halaber, gogorarazi dute patronalek eta sindikatuek birkokatzeko akordio bat adostu eta sinatu zutela Hezkuntza Sailarekin, eta akordio horretan zehazten direla birkokatzeko helburuak eta prozedurak. Gauzak horrela, azpimarratu dute Hezkuntza Sailak erantzukizun argia duela akordioa gauzatzeko orduan. ELAk, Steilasek eta CCOOk salatu dutenez, ordea, ez du erantzukizun hori bere gain hartu. Izan ere, bilera bat behin baino gehiagotan eskatu diotela adierazi dute, baina eskaera hori ez dutela aintzat hartu.

Ekainaren 4ko negoziazio-mahaian patronalek inolako jarrera-aldaketarik egin ez izana salatzen dute, baita Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso ez izana. Egoera horren aurrean, sindikatuek euren esku dauden tresna guztiak aktibatzea erabaki dute, sinatutako akordioak betearazteko, mobilizazioa barne.