ELAk EAEko maisu-maistren EPEa bertan behera uzteko eskatu du, behin-behineko milaka langileren kontsolidazioa bermatuko duen deialdia negoziatzeko

2021/11/23
ELAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio irakaskuntzako EPEa eten dezala eta sindikatuekin negozia dezala behin-behinekoak diren milaka irakasleren egoera kontsolidatzeko deialdia. Sindikatuaren esanetan, deitutako EPEak ez du plaza nahikorik aurreikusten, eta, beraz, ez du behin-behinekotasunaren arazo larria konpontzen. Gogorarazi du EAJk babestu egin duela, Madrilen, kontsolidazioari ateak ireki ahal dizkion arau-aldaketa.

Kontsolidazioa lehentasuna izan da ELArentzat azken hamarkadan. Sindikatuak urteak daramatza behin-behinekotasun mailarekin amaitzeko neurriak aldarrikatzen, bai hezkuntzan, bai gainerako administrazio publikoetan, eta kontsolidazioaren aldeko mobilizazioak bultzatzen. Mobilizazio-dinamika horren ondorioz, azaroaren 11tik 12ra bitartean, uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege Dekretua (Iceta Legea) izapidetzeko prozesuaren baitan, EAJ, ERC eta Espainiako Gobernua akordio batera iritsi ziren etorkizuneko legearen eduki batzuei buruz.

Lege-testuak hainbat bide jasotzen ditu administrazio publikoetako behin-behineko langileen lanpostuak kontsolidatzeko, negoziazio kolektiboa aktibatzearen bidez, betiere horretarako borondate politikoa badago. Nabarmentzekoak dira:

  • Deitu daitekeen lanpostu kopuruari dagokionez. Erreposizio tasez haratago behin-behinekotasuna jaisteko lanpostu kopuru gehigarria hautatze prozesuetara ateratzeko aukera.
  • Hautatze prozesuei dagokionez. Behin-behineko langileek enplegua kontsolidatzeko prozesu bermatzaileagok abian jartzeko aukera, meritu lehiaketa bidezko prozesuak esaterako edota baztertzailea izango ez den oposaketa fasea izan dezaketen oposaketa-lehiaketa bidezko prozesuak.

Testuinguru honetan, ELArentzat arduragabekeria bat litzateke maisu maistren EPE deialdi bat milaka behin-behineko irakasleren kontsolidazioa bermatu ahalko lukeen prozesu negoziatu eta bermatzalerik gabe abian jartzea. Halaber, Hezkuntza sailak maisu maistren kidegorako helarazitako EPE deialdi zirriborroan ez da inola ere halako planteamendurik egiten:

  • Ez nahikoa den lanpostu kopurua. Maisu maistren kidegoan %40 inguruko behin-behinekotasuna dago, 5.200 behin-behineko langile 13.500 inguruko plantila batetik, alegia. Gainera urtero 1.000 langile inguru erretiratzen dira. Hezkuntza Sailak helarazitako deialdiaren arabera, 928 lanpostu aterako dira deialdi honetara. Ondorioa, beraz, argia da, behin-behinekotasun maila %40 inguruan mantendu baino ez da egingo kasurik onenean.

  • Kontsolidazioa bermatzen ez duen prozesua. Ohiko hautatze prozesua jasotzen du, oposizio-lehiaketa bidezkoa, oposizio faseko probak baztertzaileak dira eta lehiaketa fasean maisu maistren kidegoan hezkuntzan lan egindako denborak duen pisua ez da nahikoa kontsolidazioa ziurtatzeko.

Horregatik, ELAk deialdiari egindako alegazioetan ondorengoa eskatu dio hezkuntza sailari:

  • Aurkeztu zaigun deialdi zirriborroa bertan behera eta inolako eraginik gabe utz dezala

  • Maisu maistren kidegoan dauden milaka behin-behineko langileen kontsolidazioa bermatzeko helburuarekin langileen ordezkariokin negoziatu eta adostu dezala:

    • Deialdi honetan atera beharreko lanpostu kopuru nahikoa kontsolidazioa bermatzeko.

    • Hautatze prozesu mota bermatzailea kontsolidazio ziurtatzeko.

ELAk irakasleen kontsolidazio lortzeko behar adinako mobilizazioa bultzatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.