ELAk EHU/UPVko unibertsitate elkarte osoari dei egiten dio borrokatzera eta mobilizatzera

2012/11/08
Egungo erretoretzak eta hautagai berriak murrizketa inposatzeko arriskuaren aurrean mobilizazioa beste biderik ez dugu

Egungo UPV/EHUko arduradunek murrizketa larri gehiago iragarri zituztenean ELAk lehenik LABengana eta STEE/EILASengana jo zuen, borroka eta salaketa kanpaina bat hitzartzeko asmotan; gure irizpideak hauek ziren:

  1. Hiru sindikatuok kanpaina gogor bat bultzatzea murrizketen aurka, orain arte ezarritakoak zein ezarri nahi dizkigutenak.

  2. Egungo errektore-taldeak iragarri dituen murrizketak ozen salatzea.

  3. Hiru sindikatuok hitz ematea murrizketak ez genituela babestuko, ezta negoziatuko ere.

  4. UPV/EHUko errektoretarako hautagaiei exijitzea aldez aurretik eta publikoaren aurrean hitz eman dezaten murrizketa horiek ez dituztela aplikatuko.

  5. Gure lan-baldintzak Euskal Herrian negoziatzeko ahalmenaren alde egitea, sinatutako akordioak errespetatuko direla eskatzea eta espainiar estatutik etengabe datozen inposizio eta esku-hartzeak salatzea.

  6. Oinarri hauekin sinadurak biltzea, unibertsitate-komunitateari azken mobilizaziorako dei eginez.

Zenbait ahalegin eta bileraren ondoren, LABekin eta STEE/EILASekin ezin izan genuen ezer adostu, arrazoi hauek medio:

  1. Ez dute onartzen egungo errektore-taldeari eta errektoretarako hautagaiei aldez aurretiko konpromisorik exijitzerik. Sindikatu horien arabera, ezinezko zerbait eskatzea omen da, beren esku ez dagoen zerbait galdegitea, eta egungo errektore-taldearen aurkako kanpaina egitea.

  2. Ez zuten sindikatuen konpromisorik nahi, murrizketak ez dituztela babestuko, ez negoziatuko.

Gero, UPV/EHUn ordezkaritza duten sindikatu guztiekin bilerak egin ziren. Baina hauteskundeetako interesek, batetik, eta eredu nahiz praktika sindikalaren ondorioz CCOO eta UGTren modukoekin bakarrik joateko ezintasunak (sindikatuok sinatu zuten pentsioen erreforma eta soldaten moderaziorako akordioa; negoziazio kolektiboko erreforma larria bultza zuten; sindikatuak finantzatzen dituen elkarrizketa sozialaren aitzindari dira; miseriazko hitzarmenak sinatzen dituzte; murrizketa laboral eta sozial oldea bete-betean denean kreditu sindikala banatzeko akordioa sinatu dute), eta sarri asko salatu izan dugun UPV/EHUko euren ildo sindikalak, ezinezko egin zuten bat egitea.

Orain plazaratu dituzten murrizketak (Gabonetako paga kentzea, baimen eta egun libreak murriztea, IT osagarrien jaitsiera, lanaldia luzatzea edota eskubide sindikalei egindako erasoa), guztiak ere Euskal Herriko zerbitzu publikoetako langileok jasaten ari garen erabaki lazgarriei gehitzen zaizkie; une honetan sekulako iruzurra litzateke langileen ordezkari garenok hauteskundeetako interesen arabera jokatzea, interes laboral eta sozialarekin zerikusirik ez dutenak.

ELAk aspaldidanik salatu du UPV/EHUn egiten den klientelismo sindikala: honen ondorioz hitzarmen miserableak sinatzen dira; erretiro aurreratuari buruzko akordio negargarriak, eta langile gehienentzako diskriminazioa, gutxiengo pribilegiatu baten mesedetan. Jokabide instituzional eta klientelista hau langile gehienen eta unibertsitate-komunitate guztiaren interesentzako zama handi bat eta tragedia bat da.

ELAk ez du denborarik galduko; gaur, osteguna, hilak 8, errektoretarako behin-behineko hautagaiak izendatuko direlarik, gure borroka eta salaketa kanpainari ekingo diogu. Hau azaroan garatuko da: ELAk EHUko beharginen lan-baldintzak defendituko ditu, errektore-taldearen eta inongo hautagai-zerrendaren interesetara makurtu gabe. Guk hautagai guztiei exijituko diegu hitz eman dezatela murrizketarik ez dutela aplikatuko; ELAk ez du onartuko inork murrizketak aplikatzeko aukera negoziatzerik. Izan ere, historiak eta esperientziak erakusten baitigute benetako arazoa borondateetan datzala, ez legeek agintzen dutenetan. Gaur, inoiz baino areago, ezinbestekoa da gure negoziatzeko ahalmena blindatzea, eta hitzartzen dena errespetatzea, espainiar estatuari inposizioak ezartzeko zein muturra sartzeko aukerarik eman gabe.