ELAk elkarretaratzea egin du Eusko Jaurlaritzari eta itunpeko irakaskuntzako patronalei murrizketen etetea eskatzeko eta hitzarmena defendatzeko

2013/03/14
Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio murrizketa politikak alde batera utzi eta hezkuntzan behar ditugun inbertsioak egin ditzala. Kristau Eskola eta Partaideri eskatzen die bete ditzatela orain arteko hitzarmenak eta berrien negoziazioan ez daitezela murrizketen pisua langileen gain kargatzen saia.

Gaur, ELAren itunpeko irakaskuntzako ordezkariak elkarretaratu dira Eusko Jaurlaritzaren eta itunpeko irakaskuntzako patronalen murrizketak salatzeko eta hitzarmen berriaren negoziazioan bai Kristau Eskolak baita Partaidek ere murrizketa berriak langileen bizkar-gain ezartzeko bidea ireki nahi dutelako.

2010etik Eusko Jaurlaritzak eginiko murrizketak direla eta, zerbitzu publikoetako gainerako langileekin batera itunpeko irakaskuntzako langileei ere bere soldata eta lan-baldintzetan murrizketak inposatzen ari zaizkie bai Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako patronalak baita Ikastoletako patronalak ere. Jakina da, epaitegiek arrazoi eman dietela sindikatuen salaketari, baina patronalek, oro har, ez dute murrizketa horien itzulera adostu nahi izan. Norbanako salaketak egin eta epaiketak egitera behartu gaituzte sindikatu eta langileak eta horren ondoren bakarrik izan da posible kasu gehienetan kenduriko soldataren itzultzea adostea edota epaileak berak agindu du itzulketa.

ELAk, beste behin ere, aldebiko bileretan adierazi moduan eta negoziazio mahaietan esan bezala, hitzarmena errespetatzea eskatzen die patronalei eta prest agertzen da murrizturiko soldaten zatia itzultzeko epeak adosteko. Horrela ez bada, hitzarmenaren balioa, lan eskubideak eta baldintzak defendatzeko epaitegietako bidea besterik ez digute utziko.

Bestalde, azken asteetan Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako eta Ikastoletako Hitzarmenaren negoziazio mahaiak izan ditugu. Bertan bai Kristau Eskolak baita Partaidek ere, gainerako patronalen adostasunarekin, hitzarmen berri baten negoziaziorako Eusko Jaurlaritzak jada egin dituen murrizketak aplikatzeko eta etor daitezkeen murrizketa berriak ere langileengan inposatzeko bidea ireki nahi du. Horretarako gainera, lan eta negoziazio kolektiboaren erreformak ematen dizkien tresnak erabiliz.

Patronalen jarrera honek argi uzten du gobernuen murrizketak salatzen dituztela adierazi arren, jarraian onartu eta beraien pisuaren zatirik nagusiena langileen bizkar kargatu nahi dutela.

ELAk inola ere ez du onartzen jarrera eta xantaia hau. Lehenik eta behin Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio murrizketa politika hauek alde batera utzi ditzala eta hezkuntza behar ditugun inbertsioak egin ditzala. Modu berean, itunpeko irakaskuntzako patronalei eskatzen die murrizketa politika hauekin ados ez badaude aurre egin diezaiela Eusko Jaurlaritzaren erabakiei fronte guztietan eta inola ere ez daitezela ahalegindu murrizketa horien zama langileei pasatzen.

ELAk Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen eraso hauen aurrean fronte guztietan salaketa eta mobilizazio bidean jarraituko du.