ELAk epaitegietan defendatu du ikastoletako hitzarmenaren negoziazioan askatasun sindikala eta negoziazio eskubidea
Joan den abenduaren 2an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hitzarmenaren negoziazio-mahaian bilduta eta abenduaren 3an hitzarmenaren bitariko batzordean elkartuta, Partaidek, EIBk eta LABek ordura arte indarrean zirauen sektoreko hitzarmena aldatzen zuen akordioak sinatu zituzten. Akordioek azaroaren 26an Partaidek, EIBk eta LABek adosturiko edukiak finkatu eta nola gauzatuko diren zehazten zuten.
ELAk bere momentuan, baita ondoren ere, gogor kritikatu ditu akordioaren edukiak, ordura arte inposatzen ari ziren baina epaitegiek legez-kanpokotzat jo zituen murrizketak legeztatzen zituelako eta hitzarmeneko lan-baldintza finantziazio publikoari zuzenean lotzen zituelako modu berezian (irakur edukien inguruko ELAren balorazio osoa)
Edukiez haratago ordea, akordioa garatzeko Partaidek, EIBk eta LABek ez dute hitzarmen berri bat adostu; horren ordez indarrean zegoena zenbait edukitan aldatu dute. Besteak beste, honako hauetan:
-
Hitzarmenaren sinatzaileek soilik osatzen duten Hitzarmena Interpretatzeko Batzorde Mistoa, Batzorde Parekide bihurtzen dute; eta batzorde honi, negoziazio-mahaiari soilik, eta ondorioz sektorean ordezkaritza nahikoa duten alde guztiei, negoziatu eta adostea dagozkien edukiak erabakitzeko ahalmena ematen diote.
-
Esaterako, Batzorde Parekideari (hitzarmenaren sinatzaileei soilik) aukera ematen zaio arauturiko edukiei eragiten dien lege aldaketarik gertatuz gero hitzarmenaren edozein puntu aldatu eta egokitzeko (aldatutako hitzarmenaren 9. artikuluko 5. puntua).
-
Aldatutako hitzarmenaren 49. artikuluak Batzorde Parekidearen esku jartzen du (hau da, berriro ere hitzarmenaren sinatzaileen esku soilik) finantziazio publikoa murriztearen ondorioz soldatak ordaintzeko egon daitezken arazoei aurre egiteko neurriak. Hau da, abenduaren 3ko akordioan gauzatzen den moduan, Batzorde Parekidearen esku uzten du soldata-tauletatik desatxikimendua egiteko aukera eta murrizketak legezko moduan aplikatzeko. Eta hori bai orain baita etorkizunerako ere.
Zer esan nahi du honek? Epaitegietara negoziazio kolektibo eskubide eta askatasun sindikalaren defentsan.
ELArentzat akordioaren edukiak txarrak izanik ere, alde bakoitzaren gehiengoz adostuak diren heinean, kritikatu arren, modu egokian gauzatzen badira onartzea beste aukerarik ez du.
Salaketa aurrera eraman badu erabili den prozedurak eta akordioari eman zaion egitura juridikoak orain eta etorkizunera begira oinarrizko eskubideak urratzen dituelako izan da.
Hitzarmenean egiten diren aldaketek Bitariko Batzordeari (hitzarmenaren sinatzaileek bakarrik osatua) negoziazio mahaiari (sektorean ordezkaritza duten alde guztiei) soilik negoziatzea dagozkion edukiak -soldatak kasu- negoziatzeko aukera ematen die. Eta ondorioz sektorean ordezkaritza duten aldeei, hitzarmenaren sinatzaile ez diren heinean -ELAren kasu-, negoziazio kolektiboaren funtsezko edukien inguruan negoziatzeko eskubidea eragozten die, askatasun sindikala urratuz.
Ondorioz, bai orain baita etorkizunean ere, Bitariko Batzordeko partaideek soldaten inguruko edota negoziazio kolektiboari eragiten dion beste funtsezko eduki batzuetan negoziazioa eta akordioak gauza ditzakete sektorean %39ko ordezkaritza duen ELA kontutan izan gabe.
Funtsezko eskubideen aurkako eraso honen aurrean ELAk epaitegietara jotzea beste biderik ez du izan ikastoletako sektoreko negoziazioan negoziazio kolektibo eskubidea eta askatasun sindikala defendatu ahal izateko.
Onartezina LABen jarrera eta erasoa
Egoera honen aurrean ELArentzat onartezina da LAB izaten ari den jarrera eta ELAren aurka luzatzen ari den eraso bortitza.
Adostu diren edukiak kontutan izanik ulertezina edo adar jotzea da hitzarmenaren ultraaktibitatearen iraupenari buruz hitz egitea, erreforma laboralaren aurkako blindajeaz, alde bakarreko salbuespenak saihesteaz edota ikastoletan parte hartzea ahalbidetzeaz.
Baina hau gutxi balitz LABek ELAren aurka jotzea erabaki du salaketa eta askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboa babesteko bere eskubidea kriminalizatuz. Horretarako ELAren salaketa juridikoaren benetako arrazoia ezkutatu edo erlatibizatu nahi du ELAk akordioaren edukiei egiten dizkien kritika politikoarekin nahastuz.
Eta azkenik, modu berean larria da akordio hau itunpeko irakaskuntzan eredu gisa jarri nahi izatea, areago Gizarte-Ekimeneko ikastetxeetan (Kristau Eskola eta AICE-IZEAn) borrokan ari garenean 2008-09 hitzarmena osorik eta bere horretan mantendu eta aplika dadin, LABek Partaiderekin sinatu duen akordioan onartu dituen moduko atzerapausorik gabe.