ELAk Espainiako Senatuan LOMCEren onarpena gaitzesten du

2013/11/20
Asteazken honetan, azaroaren 20an, LOMCE hezkuntza erreforma Espainiako Senatuan onartu delarik ELAk ikastetxeetan egingo diren salaketa elkarretaratzeetan parte hartzera dei egiten du eta bere aplikazio ekidin eta gure hezkuntza sistema garatzeko beharrezko pausoak lantzean berresten da.

 

PP, Espainiar Estatuko kongresuan eta senatuan duen erabateko gehiengoz baliaturik, bere hezkuntza kontraerreforma inposatze bidean aurreikusiko pausoak ematen ari da estatuko osoko protestei inolako jaramonik egin gabe eta are gehiago Euskal Herriko hezkuntza eragile zein herritarren erabateko kontrako jarrerari.

Inposizo bide horretan, asteazken honetan, azaroaren 20an, jada kongresuan onarturiko lege proiektua senatuan onartuko da, berriro ere kongresura itzuli eta azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran behin-betiko LOMCE hezkuntza erreforma onartu asmoz.

Hego Euskal Herriko hezkuntza eragile eta herritarrok behin eta berriro ozen eta argi esan diogu ezetz hezkuntza erreforma basati honi, erabat neoliberala, zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista delako. Modu berean, irmoki eskatu diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, legebiltzarrei eta alderdi politikoei inola ere ez dezatela aplika. Eta guk geuk ere ez aplikatzeko bideak landu eta Euskal Herrian gure hezkuntza sistema garatzeko konpromisoa hartu dugu eta bide horretan lanean ari gara.

Bide honetan, senatuaren onarpena gaitzesteko, ez aplikatzea eskatzeko eta gure bidea aldarrikatzeko, asteazken honetan, ikastetxe ezberdinetan elkarretaratzeak egitera deitzen zaituztegu. Eta kongresura behin-betikoz onartzeko itzultzen denerako antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzera.