ELAk Estatuko hezkuntza negoziazio mahaia osatzeak zentralizazioan beste pauso bat dela salatzen du

2015/09/03
Estatuko mahaiaren osaketak 2012an CCOO eta UGTek eta beste sindikatu batzuk Gobernuarekin ordu sindikal gehiagoren truke sinaturiko akordio lotsagarriari erantzuten dio.

Gaur Madrilen Unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen estatuko negoziazio mahaia osatu da.

Mahaia osatzeko bileran Iñigo Mendez de Vigo, Hezkuntza ministro berria izan da eta CCOO, UGT, CSI-F, STES-i, ANPE, Galiziako CIG eta ELA izan dira.

Negoziazio mahai berria alde bien gehiengoz osatu bada ere, ELAk gogor salatu du eraketa. Izan ere, estatu mailako negoziazio mahai hau eratzeak arriskuan jartzen baititu EAEko eta Nafarroako irakasle funtzionarioen eta irakaskuntzako gainerako negoziazio mahaiak eta hauen negoziazio ahalmena bera. Finean, erabaki honek negoziazio kolektiboaren zentralizazio arriskua dakar bararekin. Eta hau honela, lehendik ere, estatuko gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erabakiengatik, oso mugatua dagoen hezkuntza konpetentzia are gehiago murriztua gera daiteke.

Gogoratu beharrean gaude Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak, teorikoki bederen, hezkuntzako erabateko eskumenak ematen dizkiela Gasteiz eta Iruñeako gobernuei, baina lege organikoen bidez eta oinarrizko legediaren bidez oso mugatuak eta LOMCErekin ia ezerezean utzi dituztela eskumen hauek. Gaurko negoziazio kolektiboaren zentralizazio ahalegin honek azken kolpea eman diezaioke birzentralizazio estrategia honi.

Gainera, ELAren ustez, gaurko akordio honek 2012ko urrian CCOO, UGT, CSI-F, USO eta CIGak Gobernuarekin sinaturiko akordioari erantzuten dio. 2010ean Zapateroren gobernuak eta 2012ko uztailean Rajoyren gobernuak inoiz zerbitzu publikoen eta bertan diharduten langileen aurka egin den erasorik larrienaren testuinguruan, sindikatu hauek estatuko administrazioarekin murrizketa politika honi babesa ematen zion akordioa sinatu zuten, sindikatuentzat murrizturiko ordu sindikalen zati bat berreskuratzearen truk, gainerako murrizketa neurri guztiak kontutan izan gabe. Akordio haietan estatuko negoziazio kolektiboaren egituraren garapena adostu zen eta ordu sindikalen gehitzea ere honela justifikatu zen (2012ko azaroaren 12an ebazpen moduan argitaratu ziren urriaren 25 eta 29ko akordioak, alegia).

Modu berean ELAri larria iruditzen zaio, gaurko mahaia osatu ahal izateko erabili den prozedura. Izan ere, otsailean Errege Lege-Dekretu bidez, urgentziazko prozedura erabiliz, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua (EBEP) aldatu zen gaurko mahaiaren osaketari lege babesa emate aldera.

Azkenik, sindikatuaren ustez Hezkuntza Ministro berriak gaurko ekimena erabili nahi izan du, Wert ministro ohiaren ibilbide eta jarrera tamalgarriari elkarrizketa eta negoziazioaren itxura berria emateko.