ELAk eta CCOOk greba iragarri dute azaroaren 4an eta 5ean, patronalaren blokeoa dela eta
Bizkaiko autoeskoletako langileek greba egingo dute azaroaren 4an eta 5ean. Sindikatu deitzaileek, ELAk (% 87,5) eta CCOOk (% 12,5), salatu dute Bizkaiko autoeskoletako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen duela, APAVI patronalaren proposamena ez delako nahikoa. Izan ere, 10 hilabeteko negoziazioen ondoren, patronalak ez du bermatzen soldatak KPIaren arabera eguneratuko direnik kontzeptu guztietan, ezta langile guztien lanaldia murriztuko denik ere. Gainera, ez du hobekuntzarik proposatzen lan osasunean. Hala, adierazi dute APAVIk planteatutako neurriak ez direla nahikoak, eta ez diotela erantzuten lan kargaren igoerari, ezta kontziliazio premiei ere.
Astelehen honetan, urriaren 27an, elkarretaratzea egin dute APAVIren egoitzaren aurrean, mobilizazio ziklo berri bati hasiera emateko. "Patronalaren inmobilismoak eragindak nekea agerian utzi nahi dugu", adierazi dute.
Gauzak horrela, ELAk eta CCOOk jarrera pasiboa alde batera uzteko eta gaur egun blokeatuta dagoen negoziazioan aurrera egitea ahalbidetuko duten benetako proposamenak aurkezteko eskatu diote APAVIri. Bestela, greba-egun gehiago egongo direla diote.