ELAk eta STEILASek Hezkuntza Sailari murrizketak lehengoratu, lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa garatzeko negoziazioa hastea eskatu diote

2017/10/06
ELAk eta STEILASek Hezkuntza Sailari murrizketak lehengoratu, lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa garatzeko negoziazioa hastea eskatu diote. Sindikatuok dei egiten diegu hezkuntzako langileei, ikasleei eta familiei urriaren 20an ikastetxeetan eta karriketan mobilizazio eta aldarrikapen egun bat egitera

Abiaburu-egoera tamalgarria zen. Ekonomiaren susperraldian ere ez da apusturik egin irakaskuntza publikoaren alde. Hezkuntza inbertsio publikoa BPGaren %4tik behera zegoen finantza-krisiaren faserik gogorrena baino lehenagotik, eta maila hartatik are beherago egin zuen %3,1era iristeraino; Europako batez besteko %4,9tik oso urrun (329 milioi euro gutxiago), eta anitzez urrunago UNESCOk gutxieneko hezkuntza inbertsio publiko moduan gomendatzen duen %6tik. Bestalde, Nafarroako Gobernuak bere aurrekontuaren %15,8 murritz bat bideratzen du hezkuntzara, beste lurralde gehienetan %20tik gorakoa denenan.

Zenbaki horiek lotsagarriak dira edonorentzat, baina gure politikariek datu lasaigarri batekin erantzuten dute: Nafarroak diru-kopuru handiagoa inbertitzen du ikasle bakoitzeko. Gure errenta-maila handiagoa izateak ez dakar berez zerbitzu publiko horren aldeko apustua, nahiz eta aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko oinarrizko tresna izan. Finantzaketa egoki bat egiteko, beharrezkoa izanen litzateke 2017ko 634 milioitik 1.000 milioira igotzea, eta horretarako ezinbestekoa da politika fiskala aldatzea, gastu-muga edo defizit-muga alde batera uztea eta aurrekontu politika zeharo aldatzea.

Murrizketak errukirik gabe egin ziren Nafarroako Hezkuntzan. Hain zuzen ere, egun indarrean dagoen gobernu akordioan beharrezko neurriak jaso ziren murrizketak lehengoratzeko. Tamalez, abiarazi diren aldaketa bakarrak Haur eta Lehen Hezkuntzaren ratioa gutxitzea eta azpiegituretako inbertsioa igotzea izan dira.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Itun bat egitea espero genuen, asmo sindikalak jasotzeko, eta murrizketak lehengoratzeko epeak ezartzeko. Horrela berreskuratu nahi genituen galdutako ehunka enpleguak, eta horrela amaitu nahi genuen enpleguaren prekarizazioarekin. Azkenean, joan den martxoan negoziazioaren atariko fasea hasi zen. Sindikatuok azkar bidali genituen gure proposamenak, eta sektore-mahaiko bileretan, maiatzaren 31ra artekoetan, xehetasun guztiak eman genituen. Maiatzaren 31ko azken bileran Hezkuntzako zuzendari nagusiak bere proposamena pare bat astetan guri bidaltzeko hitza eman zigun, ondoren negoziazio-faseari ekiteko, eta akordioak aurrekontu-aurreproiektuan islatzeko.

Lau hilabete baino gehiago igaro dira harez geroztik, eta Hezkuntza Departamentuak ez digu batere proposamenik igorri. Ekainean gobernuari babesa ematen dien lau alderdien akordioaren zain geunden, udan arduradunak kanpoan zeuden, irailean egun gutxiren kontua zela ziurtatu ziguten. Bitartean, Nafarroako Gobernuak gastu-muga itundu du Espainiako Gobernuarekin. Akordio horrek mugatzen du aurrekontuan igoera nabarmenik egitea, eta beraz, gure eskari gehienak bete ezinezkoak izanen dira.

Gure pazientzia agortu da, eta hezkuntzako langileena are gehiago, aldaketa aukerak aienatuz baitoaz. Izan ere, langile horien gehiegizko lan-karga arintzeko itxaropena eta lana baldintza hobeetan egiteko itxaropena galduz doaz. Etsipena eta eszeptizismoa hedatu dira ikastetxe guztietara.

ELAk eta STEILASek erabaki dugu ekiteko garaia heldu dela. Ez dugu onartuko gibelatzerik, ezta aitzakia gehiagorik ere. Lehengo gobernuak ezarri eta oraingo gobernuak mantendu dituen murrizketa-neurri guztiak berehala lehengoratzeko eskatzen dugu tinko.

Neurri horietako batzuk arras premiazkoak dira, besteak beste, ordezpenak lehen egunetik, ratioa eta irakastorduak gutxitzea etapa guztietan, edo aniztasuna artatzeko baliabideak hornitzea.

Horregatik, dei egiten diegu hezkuntzako langileei, ikasleei eta familiei urriaren 20an ikastetxeetan eta karriketan mobilizazio eta aldarrikapen egun bat egitera. Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu gure eskaerak kontuan hartzeko, eta benetako negoziazio prozesu bat hasteko, beti ere, lan-baldintzak hobetzeari begira, eta hezkuntza publikoak dituen erronkak eta beharrizanak behar bezala erantzutearren.