EAE-KO HEZKUNTZA LEGEA
ELAk Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ekainak 9rako deitutako mobilizazioetan parte hartuko du
ELAk Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Hezkuntza lege proiektuarekin ez du bat egiten; sindikatuak Legebiltzarreko alderdiei Lege proiektu hau ez babesteko eskatu berri die. Sindikatuaren ustez, Hezkuntza Legeak egungo Hezkuntza sistema gainditu eta lanpostuak mantenduz eta lan baldintza egokiak bermatuz, Euskal Eskola Publiko burujabea eta inklusiboa eraikitzeko trantsiziorako tresna beharko luke. Hezkuntza sistema norabide horretan jarri ahal izateko hainbat ekarpen egin dizkio sindikatuak ezagutzera eman diren testu desberdinei. Ekarpen hauek funtsezko elementuetan ez dira aintzat hartuak izaten ari.
Lege proiektu horrek ez du murgiltze eredurik ezarriko, ezta euskal curriculumaren garapen askerako aukerarik eskainiko ere, eta ez du egungo sare banaketa gainditzeko bide orririk ezarriko. Aldiz, Espainiatik datorren hezkuntza eredu homogeneizatzaile eta merkantilista mantenduko da. Hori horrela da Hezkuntza legea onetsi duten alderdi politikoek ontzat eman dutelako LOMLOE eta Espainiar konstituzioak ezarritako marko juridikoaren mugetan jorratzea lege hori.
Lan baldintzei dagokionez, jaiotze tasaren beherakada aukera izan daiteke. Aukera egun ditugun profesionalak mantenduz eta beharrezko den etapa eta zerbitzuetan gehituz, zein lana modu egokian egin ahal izateko baliabide eta baldintzak hobetuz eta ratioak nabarmen txikituz hezkuntza kalitatea hobetzeko. Ez dugu horretarako asmorik ikusten. Lanpostu eta langileak mantentzeko neurri eta mekanismo eraginkorrik ez da adostu, hezkuntza publikoko langileen artean behin-behinekotasuna ez da %30tik jaitsiko egungo egonkortze prozesuekin, azpikontratazioak hedatzen jarraituko du, eta hezkuntzako langileen eros-ahalmena bermatzeko asmorik ez dauka Jaurlaritzak.
Hau horrela, Hezkuntza Lege honen kontra eta hezkuntzako langileen lanpostu eta lan baldintzen alde mobilizatzeko unea dela uste du ELAk. Horregatik biharko Eskola Publikoaz Harro plataformak hiru lurraldeetan deitutako mobilizazioetan parte hartuko du ELAk. Manifestazioak arratsaldeko 18.00etan abiatuko dira, Gasteizen Plaza Berritik, Bilbon Plaza Eliptikotik eta Donostin Boulevardetik.