ELAk Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari inola ere LOMCE ez ezartzeko konpromisoa eskatzen die
Gaur hezkuntzako sektore bilera burutu da Madrilen, bertan izan direlarik Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak.
Eztabaidagai nagusien artean LOMCEren ezartze egutegia izan dute. Euskal ordezkariek, beste hamar erkidegoetako ordezkariekin batera, ezartze egutegia atzeratzea eskatu dute.
ELAk, ezartze egutegiaren atzerapena eskatzeaz harago edota estatuan urte amaierarako izango diren hauteskundeen emaitzekin espekulazioan aritu gabe, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari hezkuntza erreforma inolako kasutan ez ezartzeko konpromiso argia eskatzen die. Hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen azken urteetako adierazpen eta mobilizazioek argi uzten dute LOMCEk ez duela inolako zilegitasunik Euskal Herrian ezarri ahal izateko. Beraz, sindikatuak gobernuei eskatzen die lege eztabaidak gainditu eta erabaki politiko argia har dezatela jendartearen borondate demokratikoaren aurkakoa den eta gure hezkuntza sistema osoa txikitzen duen erreforma honi aurre egiteko.
Aurrez ere behin baino gehiagotan esan dugun moduan LOMCEk, lege organikoaren egituraren baitan, ebaluazio eta “errebalidez” baliatuz hezkuntza sistema osoaren kontrola du helburu, bai curriculum, bai eduki, baita pedagogiaren gaineko erabateko kontrola ere.
Beraz, eraso honi modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, lege eztabaida eta intentzioez onez harago borondate eta erabaki politiko irmoa ezinbestekoak dira. Hori da hain zuzen ere ELAk Urkullu eta Barkosen gobernuei eskatzen diena. EAEn eta Nafarroan hezkuntza erreformaren ezarpena eten dezatela, hezkuntza komunitatearen eta euskal jendartearen eskakizunei erantzun diezaietela eta LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko eta gure hezkuntza sistema modu alternatiboan garatzeko aliantzak egin ditzatela hezkuntza eragileekin.