ELAk Eusko Jaurlaritzak hezkuntza azpiegituretan inposatu nahi duen murrizketa berria salatzen du

2014/04/07
Sindikatuarentzat onartezina da diru-sarrera txikiagoen koartada erabiltzea berriro ere oinarrizko zerbitzu publikoen aurka jotzeko.

Pasa den ostiralean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuak Eusko Legebiltzarrean datozen lau urteetarako hezkuntza azpiegituren plana aurkeztu zuen. Plan horretan 311,4 milioi eurotako murrizketa planteatzen da, hau da aurreko laurteko planarekiko %55eko murrizketa.

Sailburuak murrizketa jaurlaritzak diru sarreretan izan duen gutxitzearen ondorioz egiten duela defendatu du.

ELArentzat erabat onartezina da lehendik ere etengabeko murrizketak pairatzen ari diren zerbitzu publikoen gainean modu orokorrean eta hezkuntzaren gain modu berezian honelako murrizketa gogorrak inposatzea.

Gogoratu beharrean gaude aurtengo Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza aurrekontua 2009koa baino 63 milioi txikiagokoa dela. Hezkuntzan EAEn herrialde “garatuetan” baino BPGren 1,1 puntu gutxiago inbertitzen direla hezkuntzan (gure aberastasunaren baitan 733 milioi euro gutxiago). Eta EAEko erakunde eta gobernu ezberdinen zerga politika erabat bidegabea inposatzeagatik gure aldundiek Europako bataz-bestea baino 4.430 milioi euro gutxiago biltzen dituztela, aberatsenen esku geratzen diren eta oinarrizko behar eta zerbitzu publikoetara bideratzen ez diren ehunka milioi.

Eta egoera hau izanik adarra jotzea da beraientzat hezkuntza lehentasuna dela sinestarazi nahi izatea edota murrizketarik ez dagoenaren itxura eman nahi izatea. Eta honi gehitzen zaio ostiralean iragarri berri duen izugarrizko murrizketa hezkuntza azpiegituretan.

Inbertsio hauek funtsezkoak dira hezkuntzaren gutxieneko baliabideak eta oinarrizko azpiegiturak mantendu eta garatzen joan ahal izateko.

Azkenik ELArentzat onartezina erabaki hau hartzeko sarrera gutxiago izatearen koartada erabili izana. Hori horrela bada Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek horrela erabaki eta nahi izan dutelako baita. Eta agintean daudenek harturiko erabaki hori bera orain murrizketak justifikatzeko erabili nahi izatea hezkuntza komunitatea eta jendartea ergeltzat hartzea da.

Beste behin ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio murrizketa politikak alde batera utzi eta benetako lehentasuna eman diezaiela jendartearentzat oinarrizkoak diren zerbitzuei.