ELAk Eusko Jaurlaritzari eta itunpeko patronalei exijitzen die berehala ordain dezatela abenduko ordainsaria
Azken egunetan abenduko aparteko ordainsariaren inguruan sortu den nahasmena dela eta ELAk gogor salatzen du Patxi Lopezen gobernuak, kalkulu politikoei jarraiki, abenduko aparteko ordainsaria dela-eta egin duen jokoa eta manipulazioa. Jaurlaritza jolasean ibili da, eta oraindik ere jolasean dabil, zerbitzu publikoetako, irakaskuntza osoko eta itunpeko irakaskuntzako langileekin eta aparteko pagaren ordainarekin. Ordaintzeko asmoa publikoki adierazi, baina ondoren Auzitegi Konstituzionalean babesturik kontrako erabakia hartu du langile publikoen kasuan eta itunpeko irakaskuntzaren kasuan ordainsari hau ordaindu ala ez eta ordaindurikoan kentzearen ardura hurrengo jaurlaritzari uzten ari da.
Hau honela onartezina da Eusko Jaurlaritzak langile publikoei abenduko ordainsaria kendu izana eta orain itunpeko langileen ordainsariarekin jolasean ibiltzea. Modu berean onarkaitza da honen baitan itunpeko patronalek ordainsari honen ordainketa behin-behinekoz etetea.
ELAk exijitzen die bai Eusko Jaurlaritzari, baita Itunpeko patronalei ere abenduko ordainsariak bere osotasunean eta berehala ordaintzea, hitzarmenek diotenari jarraiki eta berriki Auzitegi Gorenak esandakoa betez.
Ez dago arrazoi juridiko, tekniko eta are gutxiago ekonomiko sozialik horrelako erabakirik hartzeko. Gainera, gogoratu beharrean gaude Rajoyren dekretuak ez diola ezer itunpeko langileei abenduko ordainsaria kentzearen inguruan, Auzitegi Konstituzionalak oraingoz Jaurlaritzaren extra ordaintzeko erabakia eten besterik ez duela egin, baina ez dagoela behin-betiko sententziarik murrizketa hori aurrekontuetan gauzatu behar dela esaten duenik.
Hau honela, eta abenduko ordainsaria ordainduz gero, guztiz onartezina litzateke ELArentzat ordaindurikoa kendu eta moduren batean itzul arazten saiatzea.
Horregatik exijitzen die ELAk, bai Eusko Jaurlaritzari baita Itunpeko patronalei ere, ez dezatela jolastu langileok lan egina eta irabazia dugun abenduko ordainsariarekin eta berehala ordain dezatela. Horrela gertatuko ez balitz edota behin ordaindurikoan kentzen saiatuko balira, delegatu, afiliatu eta langile guztiak mobilizatzera deitzen ditugu eraso eta lapurreta berri honi aurre egiteko. Era berean hau horrela gertatuko balitz sindikatuak abian jarriko lituzke langileen eskubideen kontrako eraso berri honi aurre egiteko bide judizialak.
Aurrez adierazi bezala, ELAren iritziz Madrilen esku-hartzea oso larria da, aldaketa konstituzionalak, oinarri-legeak eta zalantzazko neutraltasuna duten auzitegien babesa medio guztiz zapaltzen ari baita euskal erabakigune urriak, baita euskal gizartean txirotze orokorra dakarten politikak inposatzen ere.
Eraso eta injerentzia hauek ikusita, ELA sindikatuak uste du inoiz baino premia handiagoa dagoela euskal alderdi politikoek eta erakundeek lehentasuna eman diezaioten beren konpromiso sozialari eta euskal gizarteak berton lan- eta bizi-baldintzak erabakitzeko duen eskubideari. Horretarako ez dago konfrontazioa eta desobedientzia beste biderik; aurre egin behar diete esku-hartzeei eta murrizketak inposatzeko saio guztiei, eta bertan behera utzi behar dituzte aurrez ezarritakoei.