ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio inola ere ez ditzala irakastorduak gehitu

2016/06/11
Aurreikus zitekeen moduan Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du jaurlaritzak espainiar gobernuak irakastorduak gehitzeko erabakiari ezarritako helegitea

2012ko apirilaren 20an Espainiako Gobernuak hezkuntzan hainbat murrizketa berri ezarri zituen. Tartean irakaskuntza publikoan gutxieneko irakastorduak ezarri zituen: HHeta LHn 25 ordu eta Bigarren Hezkuntzan 20 ordu. Honek HH eta LHn irakaskuntza publikoan eta itunpekoan 23 ordutik 25ra pasatzea suposatuko luke eta Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza publikoan 17-18 ordutik 20ra. Hau ezarri den tokietan milaka lanpostu desegin dira, Nafarroan, esaterako 800 lanpostu inguru.

Honekin batera ordezkapenak 10 egunera arte atzeratzea arautzen da dekretu berean.

Eusko Jaurlaritzak neurri hauek ez zituen ezarri eta Auzitegi Konstituzionalera errekurritu zituen, baina aurreikus zitekeen moduan, irten berri den ebazpenean auzitegiak atzera botatzen du helegitea.

ELAk espero du Eusko Jaurlaritzak inola ere ez dituela izugarrizko murrizketak, lanpostu galera, lan-karga handitzea eta hezkuntza erabat kaltetzea suposatuko luketen neurri hauek ezarriko. Ez 2016-17 ikasturterako ezta hurrengo ikasturteetara ere. Izan ere, honek espainiar estatuaren murrizketa neurriei men egitea eta autogobernua inolako edukirik gabe uztea suposatuko bailuke.

Gobernuak, edozein dela hau ere, murrizketa hauek ezartzeko asmorik txikiena agertuko balu ELA aurrean izango du eta afiliatu, hezkuntzako langile, gainerako sindikatu, eragile eta jendartearekin honen aurkako erabateko erantzuna prestatu eta gauzatuko du.

Azken aldian gogor salatu dugun moduan, urte luzeetan murrizketa izugarriak inposatu dizkigute gobernu ezberdinek. Hauek ondorio larriak izaten ari dira lanpostuetan, gelako ikasle kopuruetan, lan prekarietatean eta lan-kargetan, baliabideetan. Ikasleen arteko berdintasuna, heziketa integrala eta garapen pertsonal eta soziala arriskuan jartzen dituzte.