ELAk Eusko Jaurlaritzari konfrontazio demokratikoa eskatzen dio LOMCEren aurka

2013/11/22
ELArentzat kezkagarria da honelako eraso baten aurrean Hezkuntza Saiburuak Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa adierazi izana eta edozein kasutan legea beteko duela esatea uzten dituen zirrikituak gure hezkuntza sistemaren berezitasunei eusteko aprobetxatuz.

ELAk Cristina Uriarte hezkuntza sailburuari eta Jaurlaritzari eskatu die konfrontazio demokratikoaren bidetik jo dezala estatuaren asmo inposatzaileen aurka. Izan ere, erreforma basati bat ekar dezakeen LOMCE edo Wert legeari Senatuak argi berdea eman diolarik, Diputatuen Kongresuan PPren gehiengoari esker onartu egingo dute.

ELAk eta beste hainbat eragilek aldarrikatu dute gure bide propioa egitea, irakaskuntza erabat hankaz gora jarri eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza-eredua guztiz mugatzen duen honelako lege baten aurrean. ELArentzat kezkagarria da honelako eraso baten aurrean Hezkuntza Saiburuak Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa adierazi izana eta edozein kasutan legea beteko duela esatea uzten dituen zirrikituak gure hezkuntza sistemaren berezitasunei eusteko aprobetxatuz.

Honela, bere momentuan EAJk berak ere baliorik gabekotzat jo zuen bideari heltzen dio, erabat Espainiako gobernuaren esanetara dagoen auzitegi bati honelako lege bati zilegitasuna aitortzeko aukera emanez eta hau honela izanez gero betetzeko konpromisoa hartuz.

Euskal Herriko hezkuntza eragile eta jendarteak argi utzi du ez duela onartzen inposizio berri hau, eta berton aplikatzerik ez duela inola ere nahi: Legea aurkeztu zenetik egin diren mobilizazio desberdinetan, besteak beste, urriaren 12an Bilbon burutu zen manifestazio jendetsuan, argi adierazi genuen gure arbuioa, eta alderdi politikoei eta EAE eta Nafarroako gobernu eta legebiltzarrei argi eskatu genien LOMCEa ez aplikatzeko; halaber, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza garatzeko pausoak emateko aldarria ere izan zen manifestazioa.