ELAk Eusko Jaurlaritzari LOMCEa ez aplikatzeko konpromiso argia eskatzen dio

2014/05/14
Sindikatuak Hezkuntza Sailari eskatzen dio argi dezala LOMCE lege organikoari nola aurre egingo dion eta ez aplikatzeko zer egingo duen.

Gaur Hezkuntza Sailak hezkuntza eragile ezberdinekin bilera burutu du LOMCEren inguruan egiten ari dena azaltzeko eta Heziberri 2020ren inguruko azken informazioa emateko.

Bertan agertu duenaren baitan Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalean helegitearekin aurrera jarraitzeko asmoa du LOMCE hezkuntza erreformak autonomia erkidegoari dagozkion hainbat eskuduntza urratzen dituelako, baldin eta Espainiako Gobernuak hainbat artikulu aldatzen ez baditu behintzat. Honekin batera Heziberri 2020 plangintzarekin jarraitzeko asmoa agertu du curriculuma garatu, dekretuak argitaratu eta EAErako hezkuntza lege bat aurrera atera asmoz.

ELAren ustez Auzitegi Konstituzionalak antzeko gaietan orain arte izan duen jarrera eta eman dituen epaiak kontutan izanik eta osaketa zein den aintzakotzat hartuz, alferrikakoa eta maila batean kaltegarria ere gerta liteke jaurlaritzak hartu duen bidea. Gogoratu beharrean gaude EAJ berak ere bere momentuan uko egin ziola horrelako gaietan Auzitegi Konstituzionalera joateari estatuaren kontrolpeko tribunal politiko zeritzolako eta epai guztiak estatuaren interes baitan ematen zituelako.

Edozein dela ere Eusko Jaurlaritzaren erabakia ELArentzat bereziki kezkagarri gertatzen dena zera da, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniak edota Andaluziak ez bezala, ez duela LOMCEa ez aplikatzeko konpromiso argirik adierazi. Behin eta berriro bide juridiko eta legala erabiliko duela adierazi du, baina inola ere ez du bermatzen aplikatuko ez denik.

ELAren ustez anbiguotasun honen baitan azken hilabete luzeetan Hezkuntza Sailak Werten erreformari aurre egin eta EAEn ez aplikatzeko moduak jada martxan jartzen ari dela sinestarazi nahi dio hezkuntza komunitateari eta jendarteari, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea jarriz eta Heziberri 2020 planaren bidez.

Hezkuntza erreformaren eduki guztiz atzerakoi eta zentralizatzailez harago, kontutan izanik Espainiako Gobernuak LOMCEa lege organiko moduan onartu duela, autonomi erkidegoen eskuduntzen eta gainerako legeen gainetik bere aplikazioa lege bidez behartzeko, ELArentzat onartezina gertatzen Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Lege baten bidez, curriculum propio bat idatziz edota dekretu bidez lege organiko hau indarrik gabe utzi eta EAEn ez dela aplikatuko sinestarazi nahi izatea.

EAErako Hezkuntza Lege baten behar eta egokitasuna eta curriculum propioaren premiaren inguruko eztabaida alde batera utzita, ELAren ustez, gai honetan eta beste hainbatetan, murrizketak inposatu eta babes soziala deuseztatu nahi dituzten oinarrizko legeen kasu, Estatuaren jarrera inposatzailea, neozentralista eta neoliberala ikusirik, konfrontazio demokratikoa beste biderik ez dago. Espainiako gobernuak, botere judizialaren konplizitarekin, gure babes-sozialerako eta autogobernurako tresnak desegitea helburu duten politika eta lege injustuak inposatzen dizkigun heinean eta inposaketa hauek bidezko ez direla uste dugun bitartean, konfrontazio politiko demokratikoa beste biderik ez digu uzten.

ELAren ustez Eusko Jaurlaritzaren ekimen hauen atzean LOMCEri aurre egiten ari direnaren itxura eman nahi izatea, baina tamaina honetako erasoei erantzuteko inolako tresna eta bide eraginkorrik abian ez jartzea dago. Modu berean, eztabaida hauekin Hezkuntza Sailak azken urteetan inposatzen ari diren murrizketak eta hezkuntzan egiten duen inbertsioa eznahikoa estali nahi ditu eta hezkuntzako negoziazio mahai guztietan inposatu nahi dituen murrizketak eta honek sortzen dituen blokeo egoerak.

ELAk gogora dakar pasa den astean hezkuntzako eragile ezberdinek LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraikitzeko proposamen zehatza eta horretarako gida aurkeztu zutela. Bide horretan sindikatuak Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio hezkuntza komunitateak azken hilabete luzeetan agertu duen hezkuntza erreformaren aurkakotasunari eta gure herrian ez inposatzeko eskaerari kasu egitea eta aurre egin eta ez aplikatzeko estrategia eta bitarteko eraginkorrak abian jartzeko.