ELAk Eusko Jaurlaritzari LOMCEri aurre egiteko konfrontazio demokratikoa eskatzen dio
Azken asteetan Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza bera eta EAJren buruzagitza LOMCEren, Werten hezkuntza erreforma basatiaren, kontrako jarrera publikoki adierazten ari dira, eta EAEn ez aplikatzeko moduak jada martxan jartzen ari direla sinestarazi nahi diote hezkuntza komunitateari eta jendarteari.
ELAren ustez, azken hilabete luzeetan ikastetxe eta herrietan eginiko ehundaka batzarretan argi agertu den bezala eta pasa den urriaren 12an Bilboko kaleak bete zituzten milaka lagunek ozen adierazi zuten moduan, LOMCE legea euskal herritarron iritziaren guztiz kontrakoa da, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema erabaki eta eraikitzeko eskubidea guztiz ezabatzen du, ez du inolako prozedura demokratikorik errespetatu ezta adostasunik bilatu ere, lege erabat zentralizatzailea, merkantilista, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista da.
Honen baitan, eta kontutan izanik Espainiako Gobernuak lege organiko moduan onartuz bere aplikazioa lege bidez behartzea ziurtatu nahi duela, ELArentzat ulergaitza gertatzen da bai Hezkuntza Sailburuak, bai Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileek, baita EAJren buruzagitzak ere Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Lege baten bidez, curriculum propio bat idatziz edota dekretu bidez lege organiko hau indarrik gabe utzi eta EAEn ez dela aplikatuko sinestarazi nahi izatea.
ELAren ustez, gai honetan eta beste hainbatetan, murrizketak inposatu eta babes soziala deuseztatu nahi dituzten oinarrizko legeen kasu, Estatuaren jarrera inposatzailea, neozentralista eta neoliberala ikusirik, konfrontazio demokratikoa beste biderik ez dago. Espainiako gobernuak, botere judizialaren konplizitatearekin, gure babes-sozialerako eta autogobernurako tresnak desegitea helburu duten politika eta lege injustuak inposatzen dizkigun heinean eta inposaketa hauek bidezko ez direla uste dugun bitartean, konfrontazio politiko demokratikoa beste biderik ez digu uzten.
ELA beldur da Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren adierazpen eta ekimen hauen atzean LOMCEri aurre egiten ari direnaren itxura eman nahi izatea, baina tamaina honetako erasoei erantzuteko inolako tresna eta bide eraginkorrik abian ez jartzea.
Horregatik, ELAk hezkuntzako hainbat eragilerekin LOMCEri modu eraginkorrean aurre egiteko estrategiak eta tresnak lantzeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema landu eta eraikitzeko konpromisoa berresten du, eta lan horretan arituko da buru-belarri. Eusko Jaurlaritzak bide hori hartzen badu ELAren babesa izango du, baina hezkuntza komunitateari eta euskal jendarteari iruzur egiten saiatzen bada aurrean izango gaitu.