HEZKUNTZA PUBLIKOKO HEZIKETA BEREZIA

ELAk ez du hitzarmena sinatu sektoreko aldarrikapen nagusiak ez direlako aintzat hartzen

2024/12/19
Steilas, UGT eta LABek sinatutako akordioak ez ditu grebetako aldarrikapen gehienak jasotzen, zehaztasunik gabeko hainbat kontu ditu eta atzerapausoak ere. Hitzarmenaren sinadura aukera galdu bat da hezkuntza publikoko beste sektoreekin batera mobilizatzen jarraitzeko, lan baldintza hobeak lortzeko bidean

Lan legepeko eta heziketa bereziko mahai negoziatzailea bildu da gaur, eta, bertan, UGTk, LABek eta Steilasek hitzarmen berria sinatu dute. ELA oso kritikoa da akordioarekin. Izan ere, proposamen honek, nahiz eta zenbait alderdi positibo izan, zehaztasunik gabeko hainbat kontu ditu, etorkizuneko negoziazioetara bideratzen dira gai asko, eta gainera, atzerapausoak eta murrizketak jasotzen ditu. 

Lan legepeko eta heziketa bereziko sektorearen egoera larria da. Azken hamarkadetan lan baldintzak okertu dira, eta baliabide falta agerikoa da. ELAk salatu du hitzarmen berriak ez duela egoera konponduko:

  • Erosahalmena ez da berreskuratuko. KPIaren erreferentzia eta bermea duen soldata igoerarik ez da aurreikusten kolektibo guztientzat. Sinatutako akordioan ez dago atzera eraginik, soldata igoerak 2025erako eta 2026rako direlako. 
  • Behin-behinekotasun erreala kontsolidazio bidez %8ra jaisteko formularik ez da zehazten. Ez dute lotesle izateko neurririk adostu nahi izan. 
  • Oporrak 45 egunetik 22ra murriztuko dira. Lanaldiaren azalpena ez da batere argia  eta uztailean zer gertatuko den ez dago argi.
  • Lanaren antolakuntza eta lan karga egokiak bermatzeko neurriak ez dira jasotzen. Etorkizuneko negoziaketetarako uzten dira. Jardun erdiko lanpostuak oso bihurtzeko neurrik ez dago, Gazteberritze planak ez mahai gainean eta berdina gertatzen da adinagatiko murrizketen kasua. Errelebo kontratuak gure negoziazio esparrutik ateratzen da.
  • Ordezkoen baldintzak hobetzeko neurri eraginkorrik ez dago. 165 egun lan egiteagatik jasotzen den konpentsazioa eta puntuazioa oso eskasak dira. 
  • Hitzarmenak gao anbiguoak dira edota etorkizunean negoziatzeko uzten dira horrek duen larritasunarekin (lanaldia, lan osasuna, adinagatiko ordu murrizketak, ordezkapen araudia, euskalduntzea...) eta beste askotan aurrerantzean negoziatzeko asmoak bakarrik adierazten dira.

Hezkuntza publikoko irakasleak, sukaldariak eta garbitzaileak grebetara doazen bitartean, Lan legepeko irakasle eta heziketa bereziko sektorean langileen aldarrikapenak jasotzen ez dituen hitzarmen bat sinatu da. ELAk uste du sinatutakoa eskasa dela eta aukerak zeudela, mobilizazioaren bitartez, baldintza hobeak lortzeko hezkuntza publikoko beste sektoreekin batera. ELAk defendatu du intersindikalean sektore honen parte hartzea grebetan, baina beste sindikatu batzuek ez dute onartu. ELAren iritziz, sinadura honek Eusko Jaurlaritzari bidea errazten dio greben kontra egiteko. Bien bitartean, baldintza duinen alde borrokatzen jarraituko du.