ELAk ez du onartuko pandemiaren aitzakiarekin sukalde eta jantokietako zerbitzuan lanpostuak suntsitzea, ezta lanaldiak murriztea ere

2020/06/30
ELAk murrizketak aplikatzeko asmoa alboratu eta langileen ordezkariekin bildu, egoera partekatu eta hartu beharreko erabakiak elkarbanatu, eta adostu ditzala galdegiten dio Hezkuntza Sailari.

Osasun krisi honek hezkuntza publikoaren indartzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak jartzeko beharra erakutsi du. Halere, azken asteotan agerian geratzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila datorren ikasturtera begira hezkuntza publikoko eskoletako hainbat zerbitzu eta kolektibori eragingo dioten murrizketak aplikatzeko asmotan dabilela.

 

Hauen artean eskola publikoetako sukalde eta jantokietako zerbitzua dago. Orain dela bi aste, datorren ikasturterako ikastetxe bakoitzerako aurreikusten dituen lanpostu zerrendak helarazten hasi zen Hezkuntza Saila ikastetxeetara; eta hauetan argi ikusten da jantokietako ardurara bideratutako ordu kredituetan murrizketa sistematikoa aplikatzeko asmoa duela Jaurlaritzak. Eskola-egutegiak egiteko, Bigarren Hezkuntzan lanaldi trinkoa ezartzeko eta Lehen eta Haur Hezkuntzan astean lanaldi trinkoko egun bat ezartzeko ekainaren 4an emandako ebazpena eta pasa den astean COVID-19 dela eta, datorren ikasturterako ikastetxeetara bidalitako protokolo orokorrean ere argi ikusten da, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurrien aitzakipean, sukalde eta jantokietako zerbitzua murrizteko hezkuntza sailaren asmoa.

 

Zerbitzu honetan hezkuntza saileko lan kontratua duten langileak, zein azpikontratatutako enpresetako langileak dihardute, izan ere zerbitzuaren %90etik gora pribatizatuta baitago. Kolektiboaren %95 inguru emakumeak dira eta askok eta askok lanaldi partzialak dituzte. Hezkuntza Sailaren langile propioak direnen artean behin behinekotasuna %65etik gorakoa da berriz.

 

ELAk ez du onartuko pandemia eta honek sortutako egoera aitzakia gisa erabiliaz sukalde eta jantokietako zerbitzuan inolako lanpostu suntsiketarik ez eta lanaldi murrizketarik ere. Eta Hezkuntza Sailari galdegiten dio, ez dezala osasun krisi egoera hau probestu zerbitzu honetan, zein zerbitzu hau ematen duten langile propio zein azpikontratetako langileen lan baldintzetan, lanpostu kopuruan zein lanaldietan inolako murrizketarik aplikatzeko.

 

Aldi berean, ELAk langileen ordezkariekin bildu, egoera partekatu eta hartu beharreko erabakiak elkarbanatu, eta adostu ditzala ere galdegiten dio Hezkuntza Sailari.