HEZKUNTZA LEGEA

ELAk ez du parte hartuko LABen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa eszenifikatzeko bileretan

2023/05/03
• ELAk hainbat bilera izan du Eusko Jaurlaritzarekin eta Hezkuntza Legearen eta hezkuntzako langileen lan baldintzen inguruan akordioa ez da posible izan. • LABek orain hilabete esan zuen jadanik adostasun baten oinarriak dituela Eusko Jaurlaritzarekin. ELAren ustez Eusko Jaurlaritzak deitutako bilerak Hezkuntza Legearen bueltan adostasun sindikala irudikatzea du helburu, adostasun hori ez dagoen arren.

Hezkuntza Sailak sindikatu arteko mahai batera deitu du ELA ostegunean, maiatzaren 4an, LAB, STEILAS, CCOO, UGT eta Interinok Hezkuntza sindikatuekin batera. Bada, ELAk uste du honako helburua duela une zehatz honetan halako mahaia deitzeak: batetik, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan onartutako Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan adostasun sindikala irudikatzea; bestetik, EH-Bilduk eta LABek Eusko Jaurlaritzarekin itxitako akordioak berrestea; eta, azkenik, lan baldintzen inguruan LABekin adostutako oinarriak gainerako sindikatuokin ere negoziatu dituztela irudikatzea, halakorik gertatuko ez den arren.

ELAk argi adierazi du desados dagoela Hezkuntza Lege proiektuarekin. Izan ere, Lege proiektu horrek ez du murgiltze eredurik ezarriko, ezta euskal kurrikulumaren garapen askerako aukerarik eskainiko ere, eta ez du egungo sare banaketa gainditzeko bide orririk ezarriko. Hori horrela da Hezkuntza legea onetsi duten alderdi politikoek ontzat eman dutelako LOMLOE eta Espainiar konstituzioak ezarritako marko juridikoaren mugetan jorratzea lege hori.

Era berean, ELA ez dago ados hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko LABek eta Hezkuntza Sailak ezarri omen dituzten oinarriekin. Izan ere, hezkuntzako langileen pobretzea, hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna kronifikatzea eta lanpostuen mantenurako neurri zein berme falta dakarte.

Hezkuntza Lege proiektuak legebiltzarrean bidea egin beharko du orain. ELAk uste du ibilbide hori baldintzatzeko grebak eta mobilizazioak beharrezko direla, eta horiek bultzatzen jarraituko du gobernuko alderdiek ez dezaten lege hori onartu, batetik, eta bestetik, oposizioko alderdiek, kontsentsuaren bitartez, gizartea ez dezaten etorkizunean legea aldatzeko esperantzarik gabe utzi.

Lan baldintzei dagokionez, hezkuntzako langile guztien lanpostuei eusteko eta lan baldintzak hobetzeko beharrezko greba eta mobilizazioak sustatuko ditu ELAk; bai negoziazio mahai bakoitzaren esparruan, bai hezkuntzako langile guztien lan baldintzen eta enpleguaren inguruko neurriak bultzatzeko eraginkorrak izan daitezkeen bestelako espazioetan.

Horri begira, ELA jadanik gainerako sindikatuekin harremanetan da.