HEZKUNTZA PUBLIKOA

ELAk ez du sinatu EAEko Hezkuntza Sailak irakasle publikoentzako egindako proposamena

2024/06/13
Hezkuntza Sailak uko egin dio hezkuntza publikoko irakasleen soldatak eguneratzeari, behin-behineko langileak egonkortzeari, eta lan kargak, lan osasuna edo erretiro aurreratua bermatzeko neurriak negoziatzeari. Gauzak horrela, Hori dela eta, ELAk ez du proposamen hori ontzat eman. Sindikatuak uste du eduki horiek lortzeko indartu behar dela ikasturte honetan egindako greba dinamika.

Gaur, ekainak 13, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen lan baldintzen negoziazio mahaia egin da Gasteizen, “proposamen itxia”, ELAren esanetan. Izan ere, sindikatuak dio erabat alboratu dituztela langileen aldarrikapenak: soldatak eguneratzea, behin-behinekoen kopurua txikiagotzea, lan kargak murriztea...

EAEko hezkuntza publikoan 25.000 irakasle baino gehiagok egiten dute lan. Irakasle horien lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena 2010ekoa da, hau da, 14 urte daramatza eguneratu gabe. Ondorioz, erosahalmena %20 galdu dute, %40tik gorako behin-behinekotasuna dute, lan karga desegokiak, eta arrisku psikosozial zein osasun arazoak.

Ikasturte honetan hezkuntza publikoko irakasleek 4 greba egun egin dituzten arren, Hezkuntza Sailak ez du negoziatu kolektibo honen lan baldintzen eguneraketa.

ELAk baieztatu du Hezkuntza Saila mahaietatik kanpo negoziatzen saiatu dela, sindikatu batzuekin alde biko eta hiruko bilerak egiten, langileen ordezkaritza legitimoa duen mahaia alboratuz. Maiatzerako eta ekainerako deitutako bi bilera bertan behera ere utzi ditu. “Ahal izan duen guztia egin du ahalik eta akordio merkeena lortzeko”, kexu da ELA.

Edukiei dagokionez, sindikatuak dio Jaurlaritzak bazterrean utzi dituela irakasleek grebetan aldarrikatutako honako edukiak, besteak beste:

  • Ez du behin-behinekotasuna %8raino txikiagotzea kontsolidazio prozesu bermatzailerik proposatu.

  • Ez dago erosahalmena berreskuratzeko neurririk.

  • Ez dago neurririk lan kargak arintzeko eta lan osasun fisiko zein psikosoziala bermatzeko.

  • Ez dago neurririk erretiro aurreratua ahalbideratuta plantilak gazteberritzeko.

  • Ez du proposatu eskola publikoen beharrak estaltzeko baliabide pertsonalak esleitzeko irizpide egokirik. Ez eta ratioetan hobekuntzarik ere.

Gainera, Jaurlaritzak asmoa azaldu du egungo baldintzak okertuko dituen eduki batzuk finkatzeko. Hala nola, ordezkoen zerrendak antolatzeko irizpide aldatu nahi du irizpide nagusia EPEetako puntuazioarekin lotuta; ordezkoei 165 egun lan egiteagatik dagokien opor eskubidea murriztu nahi du, edo 30 orduko presentzialtasunaren inposizioa.