ELAk ez du sinatuko Nafarroako itunpeko irakaskuntzako lan-hitzarmena

2017/09/06
ELAk, Nafarroako sarean %14-ko ordezkaritza duenak, itunpeko langileen baldintzen atzerakada ekarriko duen akordioa ez sinatzea erabaki du. Erabaki hau hartzeko batzarra egin zen irailaren 4ean, ELAk ordezkaritza duen ia ikastetxe guztietako delegatu zein afiliatuak bildu ziren Hezkuntza Departamentuaren azken proposamena aztertzeko. Bertan bozken %70 azaldu zen akordioa ez sinatzearen alde.

Komunikatua

Sektore guztietan murrizketak leheneratzeko testuinguru batean, ez dugu oraindik ulertzen zergatik itunpekoan lan egiten dugunok gure lan baldintzak okertzea onartu behar dugun ezta zergatik ez den langile publiko eta gure arteko soldaten aldea murrizten, aurreko gobernuak bi arloei berdin murriztu zienean.

Are gutxiago ulertzen dugu proposamen hau gobernu berri honetatik etortzea, kontuan izanik gobernua sostengatzen duten alderdien programetan langileria defendatzeko konpromezua islatzen dela.

Patronalen jarrera arduragabea ere salatzen dugu, beste behin ere ikastetxeen oinarria garenotaz ahaztu baitira. Patronalak, Nafarroako Gobernuarekin bat, sindikatuekiko xantaia lanetan aritu dira. Mehatxua honako hau izan da: sinatzen ez bagenu patronalek eta gobernuak soilik sinatutako beste akordio okerrago bat ezarriko zela (bereziki kaltegarria irakasleak ez diren langileentzat eta 57 urtetik gorako irakasleentzat. Gainera, irailaren 1etik aurrera mehatxu-neurriak gogortu dira, izan ere gobernuak babesik gabe utzi gaitu estatuko hitzarmen eskasaren aurrean.

Azkenik, sindikatu batzuk xantai honen aurrean amore emateak eta sinatzeak etsipen handia sortzen digu. Orain arte izan ditugun eta guretzat funtsezkoak diren baldintzak murriztu zaizkigulako. Gure errealitatea azaltzeko egindako elkarrizketa luze, eta batez ere mobilizazioei esker , ELA beti aurrean egonik, lortu dugu aurrera ateratzea nolabait. Ziur gaude edozein gobernu eta patronalaren aurrean hau dela gutxieneko akordio duina ahalbidetuko zuen tresna.

ELAk segituko du langileria antolatzen eta mobilizatzen, gure lan baldintzen defentsan. Uste dugu Nafarroako Lan-Hitzarmen batek lan baldintza horiek modu iraunkorragoan bermatuko lituzkeela, eta horregatik borrokatuko dugu patronaleengandik Nafarroako Hitzarmena lortzeko, orain uko egiten digutena. 2.500 langile baino gehiago gara, zerbitzu publikoa eskaintzen dugu nafar ikasleriaren % 38rentzat. Lan baldintza duinak merezi ditugu.