ELAk gogora arazi dio Hezkuntza Sailburuari LOMCEren aurkako borrokak ezin dituela murrizketak estali

2013/06/03
ELAk kofrontazio demokratikoa abiatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza propioa garatzeko.

Eusko Jaurlaritzak deituta, gaur Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuarekin bildu dira sindikatuak LOMCEren inguruko ikuspegia elkarbanatu eta aurre egiteko moduen inguruan hitz egiteko. Hezkuntza Sailak Werten hezkuntza erreformaren inguruko bere ikuspegi kritikoa hel arazi die sindikatuei, baina modu eraginkorrean aurre egin eta gure hezkuntza propioa garatzeko bidean eman beharreko pausoen aurrean oinarrizko galderak argitu gabe utzi ditu. Izan ere, Uriarte sailburuak LOMCEren aurkako erantzuna “bere esku dauden tresna legal guztiak erabiltzean” oinarritu du.

ELAk sailburuak LOMCEren inguruan azalduriko ikuspegi kritikoaren inguruko puntu asko elkarbanatzen ditu eta beste hainbat osatzeko prest agertzen da, baina sindikatuaren ustetan gakoa ez dago irakurketa kritikoan soilik, hezkuntza erreformari aurre egin eta bere aplikazioa ekiditeko estrategia eraginkorrean baizik.

ELAk argi du, gai honetan eta beste hainbatetan, Wert ministroaren eta Espainiako Gobernuaren inposizio jarrera ikusirik desobedientzia eta konfrontazio demokratiko beste biderik ez dagoela eta horrela adierazi die Hezkuntza Saileko arduradunei.

Euskal Herriko hezkuntzako langileen, hezkuntza komunitatearen eta jendartearen gehiengo oso zabala LOMCEren aurka agertzen da eta inola ere ez dago prest LOMCEa Euskal Herrian ezar dadin onartzeko. Hau honela, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, hezkuntza erreformaren aurka egon eta bere esku dauden tresna legal guztiak erabiltzeaz gain, euskal hezkuntza komunitateak eta euskal jendartearen gehiengoaren nahiak ematen dion zilegitasun demokratikoan oinarriturik, Madrilen hezkuntza erreforma aurrera irtetekotan planto egin diezaiola EAEn ezartzeari eta bidera ditzala Euskal Herrian gure hezkuntza sistema propioa garatzeko bitartekoak.

Hezkuntza Saila bide hau jorratzeko prest agertzen bada ELAren babes oso izango du eta sindikatuak bere bitarteko guztiak jariko ditu ikastetxeetan bide hau gauzatzeko.

Bestalde, ELAk gogora arazi dio sailburuari LOMCEren aurkako borrokak ezin duela estali azken urte hauetan hezkuntza gauzatzen ari diren murrizketa gogorrak, ezta Eusko Jaurlaritzak urte honetarako eta hurrengoetarako aurreikusita dituenak. Sindikatuak, beste behin ere, murrizketa politikak alde batera utzi eta hezkuntza inbertsioa handitzeko eskatu dio. Zentzu honetan, ezjakintasun nabaria, propaganda hutsa edo zinismo ariketa da gaurko bileran Uriarte Sailburuak LOMCEren guztiz bestelako norantzan gure eredua Europa iparraldeko hezkuntza sistemak izan behar dutela adierazi izana eta herrialde hauek hezkuntzan inbertitzen dutenetik oso urrun egoteaz gain murrizketa politikekin aurrera jarraitzea.