ELAk Goirizelaiaren ordainsari berezia ez ordaintzeko erabakia salatzen du eta gezurra esatea aurpegiratzen dio

2012/12/12
Sindikatuarentzat onartezina da errektoreak abenduko “ordainsariak bere osotasunean” ordaintzearekin hauteskunde kanpaina egin izana eta behin hautatua izan ondoren ordainsari berezia ez ordaintzeko erabakia hartzea eta 2013ko ekainekoa aurreratuz estali nahi izatea

Oraindik ez da astebete pasa Iñaki Goirizelaia berriro ere UPV/EHUko errektore hautatua izan zenetik eta hauteskunde kanpainan ordainsari bereziaren inguruan esandako gezurrak agerian geratu dira. Garai hartan hautagai zenak hitz-jokoetaz baliatuz eta abenduko “ordainsariak bere osotasunean” ordainduko zituela esanez, unibertsitate elkarteari ezkutatu nahi izan zion Madrilek esandako murrizketak UPV/EHUn ezartzeko bere asmoa eta unibertsitateko langileei soldataren %7a murriztekoa.

Iruzur saiakera are larriagoa da kontutan izanik errektoreak soldataren %7ko murrizketa hau 2013ko ekaineko ordainsari berezia 2012ko abendura aurreratuz estali nahi duela.

ELAk berresten du murrizketak ez ezartzea borondate kontua dela, Goirizelaia errektoreak inongo momentutan adierazi ez duen borondate kontua, alegia. Rajoyren murrizketak legez ezartzeko beharrean eta aurre egiteko ezintasun teknikoetan babesturik, errektorea Madrilen esanetara makurtzen da eta bai langileei baita unibertsitate elkarte osoari ahoz baztertzen dituen murrizketak inposatzen dizkie. Euskal unibertsitateak ez ditu behar Espainiko Gobernuak erabakitzen dituen murrizketak Euskal Herrian ezarriko dituen Madrilgo gobernuaren morroirik, guztiz bestela, lan eskubide eta baldintzak bermatu eta gure unibertsitatea eta jendartea garatzeko politikak bultzatuko dituzten arduradun politikoak baizik.

ELArentzat onartezina da unibertsitate elkartearekin horrela jolasean ibiltzea eta horren gai garrantzitsuen inguruan adarra jotzen saiatzea. Horregatik, sindikatuak erretoreari exijitzen dio inposaturiko neurria atzera bota dezala eta langileei eta unibertsitate elkarte osoari dei egiten dio bere gaitzespena adieraz dezaten eta hautatu berria den errektoreak hartu dituen neurrien aurka mobiliza daitezen. Lehen hitzordua datorren ostegunean, abenduaren 13an, izango dugu errektoreak RDL 20/2012aren aplikazioak izan ditzakeen ondorioak gutxitzeko “neurri paliatiboen” inguruan hitz egiteko deitu duen bileran.