EHU

Elkarretaratzea egin dute Legebiltzarrean, martxoaren 6ko grebaren atariko

2024/02/22
Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen baldintza prekarioen gainean duen ardura salatu dute. Errektoretza taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera murriztaile eta immobilistaren aurrean deitu dute mobilizazioetara.

Unibertsitatean arazo estrukturalak daudela eta EHUko langile batzuen lan baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela salatzen jarraitzen dute EHUko irakasle eta ikertzaileek. Gaurkoan, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deituta elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarrean. Erroan dagoen arazoa finantzaketa falta dela azaldu dute. Aldarripanenen artean dira irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztien erosahalmena berreskuratzea, lan zamaren jaitsiera eta, oro har, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea.

Negoziazioa hasteko bi bilera erregistratu ziren, Hezkuntza sailburuarekin eta EHUko errektorearekin. Azken honekin ia hiru hilabete beranduago biltzeko aukera izan zuten irakasleek eta ikertzaileek. Hala ere, ez zuten negoziazio errealerako borondaterik antzeman, arazoa errotik konpondu baino, aldaketa minimo batzuetara mugatu zen bere proposamena. Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik erantzunik eman.

Sindikatuek oroitarazi dute Eusko Jaurlaritzaren esku ere badagoela EHUko langileen baldintzetan eragin zuzena daukaten erabakiak hartzea, hala nola unibertsitatearen finantzaketa handitzea, erosahalmena berreskuratzeko neurriak hartzea, langileen alde irabazitako epaiei helegiteak ez jartzea,  jardunaldi partzialeko irakasleen soldatak arautzen duen 41/2008 Dekretua aldatzea...besteak beste.

Errektoretza taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera murriztaile eta immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraituko dute lan baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan. Horregatik, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok deituta, martxoaren 6an, EHUko irakasle eta ikertzaileek greba egingo dute. Era berean, martxoaren 12an, EHUko langile guztiek sektore publikoan deitutako grebarekin bat egingo dute.