ELAk Haurreskolen doakotasuna eskatzen du

2014/05/15
Hezkuntza Sailburuak, Cristina Uriartek, atzo Eusko Legebiltzarrean adierazitakoa lehen pauso bat da, baina sindikatuaren iritziz Haurreskolek doakoak izan behar dute.

Atzo Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak legebiltzarrean egin zuen agerraldian ELAk pasa den astean salaturikoa berretsi zuen, hau da, azken urteetan matrikulazioan jaitsiera nabarmena eman dela haurreskoletako matrikula kopuruan eta horretan eragin zuzena duela familia ugari sufritzen ari diren arazo ekonomikoak eta matrikula ordaintzeko honek sortzen dizkien zailtasunak.

Izan ere matrikulak, lurraldeen arabera, %10 eta %20 artean jaitsi dira jaiotza tasa %3 inguru jaitsi den bitartean. Jaitsiera honetan zeresan zuzena du matrikulazio-kuotak, izan ere, beren haurrak eguneko bost ordutik behera matrikulatzen dituzten gurasoek 160 €ko kuota ordaindu behar baitute hilero eta bost ordutik gora egiten dutenek 208€, bazkaria aparte. Hau noski ez dago familia askoren esku.

ELAk Haurreskolak hezkuntza proiektuaren barruan ongi txertatzea eskatzen du, 0-2 urteko tarteak benetako hezkuntza planteamendua izan dezan. Eta honen baitan unibertsala eta doakoa izan dadila, nahi duten familia guztien esku izan dadin.

Atzo plazaraturiko Hezkuntza Sailburuaren proposamenak ELAk eskatzen duena maila batean besterik ez du betetzen. Hau da, ELAk matrikulazio kuotak errentaren araberakoak izatea proposatzen du, baina soilik behin-behinean, modu progresiboan doakoak izan arte. Zehazki, gure proposamenean 2016tik aurrera haurreskolak, gainerako oinarrizko hezkuntza sistemaren moduan, doakoak izatea eskatzen dugu.

ELAren ustez ez da onargarria Eusko Jaurlaritzak nahiko ahalegin egiten duela esatea eta derrigorrezkoa ez den hezkuntza tarte honetan familiek ere bere ekarpena egin behar dutela aditzera ematea. Are gehiago, ELAk berak pasa den astean plazaraturiko txostenean azaltzen zuen moduan (irakur txostena), erabateko doakotasuna lortzeko AHT-an gastatzen den kilometro erdi baten inbertsioa nahikoa denean. Haurreskolen unibertsaltasuna eta doakotasuna beraz ez da diru edo baliabide falta, gobernuaren borondate politikoaren baitakoa baizik.

Sailburuak atzo adierazitakoa, beraz, Haurreskolen doakotasunaren bidean lehen pauso moduan ulertzen du ELAk, baina hezkuntzaren 0-2 tarte erabat doakoa eta unibertsala izateko gure aldarrikapen eta borrokarekin jarraitzeko asmo sendoa adierazten du.