ELAk Hezkuntza Saila eta Kristau Eskolari exijitzen die Ibaigane ikastetxeko langileak birkoka ditzala

2014/06/26
ELAk sailburuarekin eta Bizkaiko hezkuntza ordezkaritzarekin bilera eskatu duen arren Jaurlaritzak gatazka erabateko iluntasunez kudeatzen darrai. Era honetan, gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Ibaigaineko langileek guraso eta ikasleekin batera Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Kristau Eskola guztiz desagerturik, ikastetxeko titularrak -Jesusen Bihotza Kongregazioa- egoerari aurre egin nahi ezean eta Eusko Jaurlaritza arazoari soilik irtenbide partzialak eskainiz, Ibaigane Ikastetxearen itxiera iragarpenak sorturiko gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen du eta ikasle eta langileen etorkizunaren inguruko zalantza handituz doa.

Ikastetxearen itxiera iragarri zenetik ia bi aste pasa direnean, arduradun nagusiek azalpenik eman gabe jarraitzen dute, ikastetxea ixteko zein pauso eman behar dituzten argitu gabe eta familia eta langileentzat alternatibarik eskaini gabe.

Bai ikastetxearen titularrak eta Kristau Eskolak, baita Eusko Jaurlaritzak ere familia eta langileek behin eta berriro eskatzen duten konponbide integrala ez dute kontutan hartu nahi. Onartezina da Eusko Jaurlaritzak arazoari konponbide mediatiko eta partziala soilik ematea ikasleak ikastetxe ezberdinetan birkokatzera mugatuz, Ibaigane Ikastetxeko langile guztiei inolako irtenbiderik eskaini gabe.

ELAk argitasuna eskatzen du egoeraren kudeaketan, langileen ordezkarien parte-hartzea eta sorturiko egoerari irtenbide osoa ematea Ibaiganen lan egiten duten guztiei irakasle, ez irakasle eta azpikontratariko langileei (51 guztira) beste ikastetxe batzuetan birkokatzeko aukera eskainiz.