ELAk Hezkuntza Sailak Empieza por Educar fundazioarekin zuen proiektua eten izana txalotzen du, baina ikastetxeentzat hezkuntza baliabideak eskatzen ditu
Berriro ere bide ofizialetatik kanpo ELAk jakin du Hezkuntza Sailak EAEko hainbat ikastetxetan modu irregularrean irakasleen laguntza edo indartze lana egiten ari zen “Empieza por Educar” fundazio pribatuaren jarduera eten egin duela, behin-behinekoz bada ere.
ELAK duela astebete salatu zuen Teach for America eta Teach First erakundeen eskumeneko espainiako “Empieza por Educar” fundazio pribatuak kontratatuta hainbat langile irakasleen laguntza edo indartze lana egiten ari zirela, Hamaika Esku programaren barruan, Eusko Jaurlaritzarekin lan-kontraturik izan gabe eta irakaskuntza publikoko inongo ordezkapen zerrendetan egon gabe.
Eusko Jaurlaritzak ez du honen inguruko inolako azalpenik eman nahi izan ezta fundazio pribatu honekin sinaturiko kontratuaren inguruko informaziorik.
Salaketa hauen presioa medio, badirudi Hezkuntza Sailak proiektu hau, behin-behinean bada ere etetea erabaki duela.
ELAk irregulartasun honi muga jartzea ongi ikusten du, baina gobernuari exijitzen dio azken urte luze hauetan inposatzen ari den murrizketen ondorioz geroz eta handiagoak diren ikastetxeen beharrei langile eta baliabide gehiagorekin erantzutea. Programa hauei heltzeko beharrean aurkitu diren ikastetxeak behar bereziei aurre egiteko plantilla eta baliabide handiagoen premia larria dute eta administrazioari dagokio premia hauei behar bezala erantzutea.
Beraz ELAK irregulartasun hauei muga jartzearekin batera Hezkuntza Sailari EAEko hezkuntzan inbertsioa handitzea, plantillak handitzea eta hezkuntza eskubidea gauzatzeko ezinbestekoak diren baliabideak gehitzea eskatzen dio.