ELAk Hezkuntza Sailaren iluntasuna eta Kristau Eskolaren ezkutukeria salatzen ditu eta Ibaigane Ikastetxearentzako irtenbidea eskatzen du

2014/06/20
ELA eta ikastetxeko langileen ordezkariek behin eta berriro informazioa eta aldebakarreko erabakiak sorturiko egoera larriaren irtenbidearen kudeaketan parte hartzea eskatu duten arren, ez ikastetxearen titularrez, ez kristau Eskolak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute langileekin inolako informaziorik elkarbanatu

Ikastetxea ixteko erabakia ezagutzera eman zenetik astebete pasa den honetan, ikastetxearen zuzendaritzak oraindik ez die jakin arazi langileei zer egitea pentsatzen duen ezta sorturiko egoerari zein irtenbide eskaintzea pentsatzen duen. Langileek dakiten bakarra datorren urtean ikastetxeak bere jarduerarekin ez duela jarraituko da. Zuzendaritzak ez du inolako azalpenik eman itxiera hau nola egingo duenaren inguruan edo horretarako zein pauso emateko asmoa duen, ez ikasleei dagokienez ezta langileei dagokionez ere.

Ibaigane ikastetxea barneratzen duen Kristau Eskola patronalak ere ez du ezer argitu familiei eta langileei eskaintzen dizkien irtenbideen inguruan.

Bestalde, onartezina iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak oraindik ELAk eginiko premiazko bilera eskaerari erantzun ez izana, eta publikoki gatazka bideratzen ari denaren itxura egin arren, oraindik ikasleen etorkizuna argitu ez izana eta, modu berezian, Ibaiganeko langile guztientzat irtenbideari heldu ez izana.

ELAk prozesuaren gardentasuna exijitzen du, langileen parte-hartzea eta ikastetxean lan egiten duten langile guztiak (irakasle, ez-irakasle eta azpikontratetan lan egiten dutenak) kontutan izatea beste ikastetxeetan ikasleak birkokatzeko izaten ari diren elkarrizketetan.

Eusko Jaurlaritza eta Kristau Eskola ezin dira mugatu egoerari irtenbide partzialak ematen dizkien jarrera mediatikoetara. Aldebakarreko erabaki larri honek eragiten dituen hezkuntza komunitateko kide guztiak kontutan izango dituen irtenbide integrala eskaini behar dute. Hala exijitu die ELAk.