ELAk Hezkuntza Sailari exijitu dio ikasleekin batera Ibaiganeko langileentzat ere irtenbidea aurkitzeko

Orain ia hilabete, ekainaren 18an, ELA sindikatuak premiazko bilera eskatu zion Hezkuntza Sailari Ibaigane ixteko erabakiaren inguruan hitz egiteko. Denbora honetan inolako kontakturik izan gabe gaur erantzun dio jaurlaritzak eskaerari.
Bileran ELAk Hezkuntza Sailaren arduragabekeria salatu du, ikastetxearen egoeraren jakitun ixteko erabakia hartu den arte langileen ordezkariekin hitz egin ez egoerari konponbiderik aurkitzen saiatu ez delako. ELAk, Ibaiganeren egoera zailaren jakitun, azken urteetan, eta modu berezian azken hilabeteetan, bai Hezkuntza Sailarekin baita Kristau Eskolarekin ere egoerari buruz hitz egin eta bideratzeko ahalegina egin du, baina bai bataren baita bestearen aldetik ez du inolako erantzunik jaso.
ELAk jaurlaritzari gogora arazi dio bai ikasleekin baita langileekin ere duen ardura. Izan ere, gobernuak ezin dio langileak kontutan izango ez dituen erantzun partzialik eman gatazka honi; hainbeste urtetan milaka familien hezkuntza beharrei erantzuteko erabili dituen eta diru publikoz ordaindu dituen langileak, alegia.
Langileen ordezkariek Eusko Jaurlaritzari plantilla osoaren, hau da, 51 pertsonen birkokatzea eskatu diote, ikasleak birkokatuak izan diren itunpeko ikastetxeetan edota Kristau Eskolaren gainerako ikastetxeetan. Eta horretarako sindikatuak Hezkuntza Sailaren bitartekaritza exijitzen du eta Kristau Eskolaren inplikazio eta ardura.
Egunak aurrera doazen heinean langileek geroz eta aukera gutxiago dituzte beraien etorkizuna bideratzeko. Hori dela eta ELAk administrazioari eskatu dio premiaz abian jar ditzala bere eskura dituen baliabide guztiak egoera bideratzeko eta Kristau Eskola ere inplika dezala Ibaigane ikastetxearen itxierak sorturiko egoeraren konponbidean.