ELAk Hezkuntzan osasuna babesteko bere esku dauden tresna guztiak abian jarri nahi ditu, greba barne

2020/05/18
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hezkuntzako langile, ikasle zein komunitate osoaren osasuna bermatzeko neurriak hartuko ez balitu, ELAk osasuna babesteko bere esku dauden tresna guztiak abian jarri ahal izatea ahalbideratu nahi du, greba barne. Ikasketa presentzialetara osasuna bermatuz itzultzeko neurriak, protokoloak eta baldintzak sindikatuokin negoziatzeko prozesu errealak behingoz abian jarri eta adosteko galdegiten diogu Hezkuntza Sailari.

Azken asteetan agerian geratu da ikasketa presentzialetara itzultzeko Hezkuntza Sailaren planaren atzean dagoen inprobisazioa, prezipitazioa eta aldebakartasuna. Denbora honetan publiko egiten joan den erabaki desberdinak aldebakarrez hartu ditu eta ez ditu ez sindikatu, ez ikasle, ez eta familiekin elkarbanatu, negoziatu ez eta adostu ere.

Maiatzak 7an hezkuntza eragileoi aurkeztutako planteamendu prezipitatuak, hezkuntza komunitate osoaren kritika eta gaitzespena jaso zuen. Bertan Maiatzak 18tik aurrera zenbait etapetan derrigorrezko itzulera presentziala agintzen zuen Hezkuntza Sailak. Hezkuntzako eragile guztiok bat gentozen, Maiatzak 18an osasuna bermatuz itzulera presentziala abiatzeko baldintzak ez ziren ematen.

Hezkuntza sailaren zuhurtzigabezia nabariaren aurrean, eta egoeraren larritasuna ulertuz, ELAk beharrezkotzat jo zituen pausoak eman zituen, besteak beste, gainerako sindikatuekin eta hezkuntza eragileekin lanketa bultzatzea erantzun bateratu bat jorratzeko. Aldi berean, beste sindikatuei helarazi genien, osasuna babesteko gure esku dauden tresna guztiak, greba barne, erabiltzeko gure prestutasuna; hortaz gainontzeko sindikatuekin, beti ere langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko, grebaren beharra eta egokitasuna elkarbanatu genuelarik. Honela, beraien osasuna bermatua ikusten ez zuten langileei, greba eskubidea egikarituz lan presentzialera ez joateko bermedun aukera emateko, maiatzak 8an eta legezko epeak betez, greba deialdi bat erregistratu zuen, maiatzak 18tik aurrerako eta itzulera presentziala agindu zen etapetarako.

Ondoren, Hezkuntza Saila bere hasierako erabakia aldatuz joan da. Maiatzak 18tik aurrerako derrigorrezko itzulera alboratu, eta ikasketa presentzialetara itzultzeko edo ez itzultzeko erabakia, zein datetan, zein etapetan eta zein ikastaldeentzat itzultzea, ikastetxe bakoitzaren esku utziko zuela jakinarazi zuen. Azkenik, Hezkuntza komunitatearen aldetik jasandako presioa medio, itzulera presentziala maiatzak 18tik maiatzak 25era atzeratzeko erabakia egin zuen publiko Ostegunean (maiatzak 14).

Hezkuntzako sindikatuek, behin eta berriro galdegin diogu Hezkuntza Sailari Ikasketa presentzialetara osasuna bermatuz itzultzeko neurriak, protokoloak eta baldintzak sindikatuokin negoziatzeko prozesu errealak abian jar ditzala. Gaur gaurkoz ordea hau ez da gertatu.

Beraz, maiatzak 25a iritsi eta osasuna bermatuz eskoletara itzultzeko baldintzak emango ez balira, langileen, eta zabalkundez hezkuntza komunitate osoaren, osasuna bermatzeko bere esku dauden tresna guztiak abian jarri ahal izatea ahalbideratzen jarraitu nahi du, greba barne. Honela gainerako sindikatuekin jada partekatu dugun moduan, erantzuna lantzerako orduan aukera hau ere mahai gainean egon dadin. Horregatik, eta modu prebentiboan maiatzak 8an erregistratutako greba, maiatzak 25etik aurrera mantentzea erabaki du. 0-1 urteko ikasleen itzulera presentziala ere, osasuna bermatu gabe, abian jartzeko arriskuaren aurrean, Haurreskolak Partzuergora eta adin honetako kurtsoetarako ere greba erregistroa gauzatuz.

Azkenik, ELAk, berri honen filtrazioa salatu nahi du, bereziki larria izanik, zenbait komunikabideetan irakurri ahal izan dugun bezala, Lan Saila bera izan bada berria komunikabideei helarazi diena.