ELAk ikasleen mobilizazioak oso positiboki baloratzen ditu
Pasa den asteko martxoaren 27an ikasleek deituta greba erabat arrakastatsua eta oso mobilizazio jendetsuak burutu ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat eskualde eta herritan. Aurreko hilabete luzeetan hezkuntza eragileek eta herritar ugarik adierazi duten moduan, beste behin ere argi geratu zen herri honetako ikasleek ez dutela LOMCEa bezalako eraso eta inposaketarik onartzen eta Euskal Herrian guk geuk behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzeko asmo irmoa dugula. Ildo honetan, garrantzia berezi du gure hezkuntza propioa eraikitzen jarraitzeko lanak eta mobilizazioak, eta horretan murgiltzera egiten die dei ELAk langileei, hezkuntza komunitateari eta herritar guztiei.
ELAren ustez manifestazio ondorengo istiluek ez daukate inolako zerikusirik greba eta mobilizazioen helburuekin. Bestalde, istiluei eman zaien garrantziak eta ondorengo egunetan eman diren atxiloketek, aldarrikapen eta mobilizazio hauen oinarrizko edukia lausotu eta mobilizazioa bera deslegitimatzeko helburua dutela uste du sindikatuak.
ELAk atxilotuen errugabetasun-presuntzioa eta oinarrizko eskubideak errespetatzea eskatzen du. Modu berean, honelako ekimenen eta babes mediatikoaren bidez LOMCEren aurka aritu eta gure hezkuntza propioa eraikitze bidean gabiltzan bai erakundeak baita mugimendu eta mobilizazioak ere kriminalizatu eta deslegitimatzeko ahalegina salatzen du.