ELAk irakasleak hautatzeko irizpide propioak aldarrikatzen ditu

2014/04/29
Sindikatuak ez du onartzen Madrilek irakasleak hautatzeko irizpideak inposatzea eta kezkagarria iruditzen zaio hautaketa prozesuan esperientziak pisua galtzeko zabaltzen den aukera eta atzerriko hizkuntza edo gaitasun informatikoak ezinbestekotzat jotzea.

Atzo apirilaren 29a Madrilen bildu zen estatuko irakasle funtzionarioen mahai sektoriala pasa den ikasturtean lantzen hasitako “Irakasleen Estatutua”ren inguruan (Estatuto Docente) hitz egiteko asmoz.

Azken bileratik bost hilabete pasa direnean Hezkuntza Ministerioak oraindik ere irakasleen estatutuan jaso nahi dituen oinarrizko puntuen argibiderik eman gabe Irakasle Funtzionarioen kidegoan sartzeko baldintzen inguruko zirriborro oso labur eta guztiz anbiguo bat besterik ez du aurkeztu.

Bertan, gainera, irakasle-funtzionario izateko atzerriko hizkuntzaren zehazten ez den ezagutza ziurtatuko duen froga bat aurreikusten da. Modu berean ere, zehazten ez den “konpententzia digital nahikoa” (“competencia digital suficiente”) ziurtatu beharko da.

Honi lotuta, testua erabat anbiguo den arren, eskarmentua eta gainerako merituen pisua murrizteko aukera ere zabaltzen da (“La valoración de los méritos en la fase de concurso sólo podrá otorgar una puntuación proporcionada que no determinará, en ningún caso, por sí misma el resultado del proceso selectivo y que será únicamente aplicable a quienes hayan superado la fase de oposición”). Arrisku hori nabariagoa da PP agintean dagoen erkidegoetan egiten ari dena ikusirik.

Beste hainbat gai ere, Lanbide Heziketan unibertsitate ikasketarik gabe irakasle izan ahal izateko baldintzak esaterako, zehaztu gabe eta airean geratzen dira.

ELAk ez du onartzen Madrilek Irakasle Funtzionarioen kidegoan sartzeko baldintzak inposatu nahi izatea eta hautaketa honetarako, bai EAEn baita Nafarroan ere gure irizpide propioak izatea aldarrikatzen du. Aldarrikapen bera defendatzea eskatzen die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Edukiei dagokionez, kezkagarria iruditzen zaio honelako neurriek izan ditzaketen ondorioak %25-30eko behin-behinekotasuna sufritzen kolektibo batean eta urte askotan behin-behinekotasunean dirauen irakasle ugari daudenean.

Onartezina litzateke atzerriko hizkuntza edo gaitasun informatikoak orain bat-batean eskatzea eta langileen ardura moduan planteatzea, administrazioak irakasle izateko titulazioak ematen dituzten ikasketetan edo irakasleen etengabeko prestakuntzaren bidez eskatzen diren ezagutza hauek bermatzen ez baditu.

Azkenik etsigarria gertatzen da irakasleen estatutua garatzeko proposamen batean lan baldintzak hobetu edota irakasleen jarduera bera hobetzeko benetako neurri eta baliabiderik ez aurkeztea, horretarako aurrekontuen murrizketa nabaria dagoela argudiatuz.