Hezkuntzako irakasle ordezkoei soldata jeitsi die Nafarroako gobernuak

2013/02/01
ELAk Iribas jaunaren Hezkuntza Departamentuak behin-behineko langileei oporrak ez dizkiela ordainduko salatzen du.

Ikasturte osoko kontratua ez duten behin-behineko irakasleei Eguberri eta Aste Santuko jai egunak opor bezala kontatuko dizkie Iribas jaunak zuzenduriko Hezkuntza Departamentuak. Ondorioz, eta ikasturte honetatik aurrera, ekainaren 30ean beraien kontratua amaitzen duten behin-behineko langileek ez dute haien finikitoetan jasoko Nafarroako Gobernuko edozein langilek urtero dituen 27 opor egunetako soldata.

Iribasen Departamentuak hartutako erabaki hau beraz behin-behineko langileen soldata jeitsiera besterik ez da. Irakasle funtzionario eta behin-behinekoen arteko diskriminazioa sortzen du erabaki honek eta era berean urte osoko kontratua sinatzen duten behin-behineko irakasleen eta noizbehinkako ordezkapenak egiten dituztenen artean.

Hezkuntzako behin-behineko langileek orain arte pairatutako murrizketa eta erasoei guztiei (2011 urteko 250 kaleratzeak; 2012 ikasturteko 600 kaleratzeak; kontratu prekarioak...), hau gehitzen dio oraingoan Iribasek. ELAk Hezkuntza Departamentuari exijitzen dio orain arte bezala Hezkuntza Publikoko langile guztiek oporraldi berbera izan dezatela eta berehala bertan behera utz dezala murrizketa hau.

Azkenik ere, ELAk bere zerbitzu juridikoak Hezkuntza Departamentuko behin-behineko langileen eskubideak defendatzeko erabiliko dituela jakinarazi nahi du: opor egunak edo 2009-2011 urteetan gaizki ordaindutako lanaldi murriztuak erreklamatzeko alegia.