ELAk kezkaz bizi du Eusko Jaurlaritzaren estrategia LOMCEri aurre egiteko
Pasa den ostiral arratsaldean jakin arazi zuen Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu zuela Wert Hezkuntza ministroarekin LOMCE legaren hizkuntzen dekretuak EAEn hizkuntza ereduen sistema bere horretan mantentzea ahalbidera dezan.
Modu berean, azken astean prentsaren bidez jakin dugu Uriartek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak Auzitegi Konstituzionalean LOMCEren aurka aurkeztekoa zuen helegitea sei hilabetez atzeratzeko erabakia hartu duela bitartean Hezkuntza ministerioarekin akordioetara iristeko ahalegina egin nahi duela argudiatuz.
ELAk eta beste hainbat hezkuntza eragilek ere behin eta berriro salatu ditugu hezkuntza erreformaren eduki eta ondorio larriak Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza garatu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak berak ere kezka agertu izan du legeak suposatzen duen eraso eta atzerakadagatik.
Bestalde, bai gai honetan baita beste hainbatetan ere agerikoak dira Espainiar Estatuaren eta Wert ministroaren erabateko aldebakartasuna, inposizioa eta zurruntasuna. Horren adibide dira hezkuntza erreforma aurrera ateratzeko eraman duten prozesua, hezkuntza komunitatearen eta herritarren iritziaren kontra inposatu izana eta apenas inolako aldaketarik gabe onartu ez izana. Uriartek berak adierazi zuen duela hilabete gutxi Espainiako Gobernuak negoziatzeko inolako borondaterik ez zuela.
Hau honela izanik, zein da Eusko Jaurlaritzaren benetako asmoa beste sei hilabetez Hezkuntza Ministerioarekin negoziatzeko borondatea duela adierazterakoan? Benetan uste al du hezkuntza erreformaren oinarrizko edukiak aldatzeko aukera duela edo EAEn aplikatzea ekidin dezakeela?
Bestalde, ELAren ustez ostiralean LOMCEren hizkuntza dekretuaren inguruan lorturiko akordioak gure hezkuntza sistemak dituen beharretan ez du inolako aurrerapausorik suposatzen.
Euskal hezkuntza eta euskalgintzako eragileen artean adostasun nagusia dago hizkuntza ereduek (A, B, D, zer esanik ez British edo PAI) ez dutela ikasleen euskalduntzea lortzen eta pauso berriak emateko premia dagoela. Horretarako murgiltze edo euskara ardatz duten hezkuntza ereduak ezinbestekoak direlarik.
Hezkuntza erreformak gaztelania ez diren estatuko gainerako hizkuntzen garapena oztopatzea du helburu, horretarako, hain zuzen ere, Katalunia edo Balear Irletan aplikatzen duten eta Euskal Herrian hain beharrezkoak ditugun murgiltze ereduak debekatzen ditu.
Hau honela, Eusko Jaurlaritzak lorpen moduan saldu nahi digu gure hezkuntza sistemaren garapenarentzat muga larria dena.
ELArentzat bereziki kezkagarri gertatzen da Eusko Jaurlaritzak, Kataluniak edota Andaluziak ez bezala, ez duela LOMCEa ez aplikatzeko konpromiso argirik adierazi. ELAren ustez anbiguotasun honen baitan azken hilabete luzeetan Hezkuntza Sailak Werten erreformari aurre egin eta EAEn ez aplikatzeko moduak jada martxan jartzen ari dela sinestarazi nahi dio hezkuntza komunitateari eta jendarteari.
Espainiako Gobernuaren jarrera eta LOMCEa lege organiko moduan onartu duela kontutan izanik, ELArentzat onartezina gertatzen Eusko Jaurlaritza agertzen ari den jarrera epela.
ELAren ustez, gai honetan eta beste hainbatetan, murrizketak inposatu eta babes soziala deuseztatu nahi dituzten oinarrizko legeen kasu, Estatuaren jarrera inposatzailea, neozentralista eta neoliberala ikusirik, konfrontazio demokratikoa beste biderik ez dago. Espainiako gobernuak, botere judizialaren konplizitarekin, gure babes-sozialerako eta autogobernurako tresnak desegitea helburu duten politika eta lege injustuak inposatzen dizkigun heinean eta inposaketa hauek bidezko ez direla uste dugun bitartean, konfrontazio politiko demokratikoa beste biderik ez digu uzten.