SUKALDE ETA GARBIKETA

ELAk kontzentrazioak egin ditu Hezkuntza Sailak akordioa betetzen ez duelako salatzeko

2025/11/05
ELAk kontzentrazioak egin ditu Hezkuntza Sailak akordioa betetzen ez duelako salatzeko
Hezkuntza Sailak ez ditu ratioei eta laguntza kontratuei buruz sinatutako edukiak aplikatzen. Horregatik, ELAk kaltetutako hainbat eskoletan kontzentrazioak egin ditu. Modu berean bide judiziala jarri du martxan ELAk eta demanda jarri aurreko adiskidetze saiora deitu du Hezkuntza Saila

ELAk salatu du arazoak daudela EAEko Hezkuntzako sukalde eta garbiketako akordioa betearazteko. Izan ere, Hezkuntza Saila adostutako hitzarmena betetzeko oztopoak ipini ditu, eta azken asteetan okertu egin da egoera honako iragarpenarekin: laguntza kontratuetan eta ratioetan ez da adostutakoa beteko.

Sukaldeetan ratioak gaizki kalkulatzen dira eta garbitzaileen kasuan hitzarmen berriak zehatzen zituen ratio berriak ez dira inplementatzen hasi. Hala, lan kargak handiagoak dira adostutakoak baino, eta eragin zuzena du bai plangintzan, bai lan osasunean. Honen atzean Hezkuntza Sailaren erabaki argi bat dago.

Hori guztiaz gain, Sailak erabaki du egin beharreko laguntza kontratu asko ez dituela egingo, eskoletatik eskatuta ere. Beraz, langileak falta dira egunero ikasleei janaria prestatzeko. Honek langileentzako lan karga itzelak suposatzeaz gain, zerbitzuan ere eragina du.

Gauzak horrela, egoera zail hau bizi duten eskoletan kontzentrazioak deitu ditu gaur ELAk. Besteak beste, eskola eta zentro hauetan mobilizatu dira langileak: Mendia Balmasedan, Portugaleteko Kanpazar, Ordiaziako Urdanetan, Talaia Hondarribin, Intxaurrondoko eskolan, Ikasbiden eta Amara Berrin Donostian.

Bide berdinetik, ELAk bide juridikoa hasiko du. Hezkuntza Sailari demanda jarri aurreko lehen urratsa egin du: adiskidetze saioa deitu du.