HAURRESKOLAK PARTZUERGOA
ELAk Legebiltzarrean agerraldia eskatu du behin-behineko 77 langile finko egitera behartzeko
Izan ere, Partzuergoak kontsolidazio prozesurako 264 hezitzaile lanpostu atera zituen. Baina martxoan EAEko Auzitegi Nagusiko sententzia batek Partzuergoa eta Hezkuntza Saila derrigortu zituen Haurreskoletan egindako egonkortze prozesuan 77 hezitzaile lanpostu gehiago eskaintzera, %30 gehiago. Ebazpen hori ELAk aurkeztutako demanda bati esker heldu zen. Baina Auzitegi Nagusiaren sententzia bete beharrean, hura errekurritu eta Auzitegi Gorenera jotzeko erabakia hartu zuten. Erabaki horrek sententzia ez aplikatzea eta auzia zenbait urtez luzatzea ekar dezake.
Eusko Jaurlaritzaren erabaki horrek baieztatzen du adierazpenez harago borondate gutxi duela behin-behinekotasunaren arazoari konponbidea emateko. Haurreskolak Partzuergoan gertatu den bezala, ELAk ere auziperatu ditu Osakidetzako, Hezkuntza Publikoko irakasleen eta Heziketa bereziko langileen, justizia administrazioko eta Administrazio orokorreko kontsolidazio prozesuak. Horietan oraindik ez dago ebazpenik.
ELAk argi du behin-behinekotasun erreala %8ra kontsolidazio prozesuen bidez jaitsi arte borrokan jarraituko duela. Bai epaitegietan, bai kaleetan, bai negoziazio mahaietan ere. Hau izan da urrian, abenduan eta martxoan sektore publikoan deitutako greben aldarrikapen nagusienetako bat.