ELAk legebiltzarrean LOMCE ez aplikatzeko eta gure hezkuntza eraikitzeko babesa eskatu du

2014/05/29
Hezkuntza erreformaren larritasuna agertzeaz gain, gure hezkuntza beharrak azaldu ditu eta horien baitan gure hezkuntza propioa eraikitzeko oinarriak aldarrikatu du.

Atzo Eusko Legebiltzarrean agerraldia burutu zuen ELAk LOMCEren inguruko bere irakurketa agertu, aurre egiteko proposatzen dituen neurriak azaldu eta gure beharren baitan hezkuntza sistema propioa eraikitzeko oinarrizko puntuak aurkeztuz.

LOMCEren inguruko irakurketaren inguruak ELAk legearen izaera antidemokratikoa, parte-hartze gabezia eta adostasun eza salatu ditu. Hezkuntza erreformak eskola porrota aitzakiatzat harturik, hezkuntza sistema merkatuen eta interes pribatuen zerbitzura jartzen duela adierazi du. Ikuspegi pedagogikotik atzerapauso nabarmena dela, hezkuntza eskuduntzei eraso larria dela, ikastetxeen funtzionamendu demokratikoa eragozten duela, euskalduntzean muga salbaezinak ezartzen dituela eta doktrinamendu ideologikoa duela helburu.

Honekin batera, ELA azken hamarkada luzetan hezkuntzan egiten ari diren inbertsio oso eskasak salatu ditu, herrialde garatuenetatik urrun (733 milioi gutxiago), eta azken urteetan eman diren murrizketak.

Honen baitan, gure hezkuntza sistemak inbertsio handiagoak behar dituela azaldu du, murrizketak guztiak atzera bueltatzea eskatu, plantillak handitzea, ikasle/gela ratioak jaistea, behar berezi, aniztasun funtzional eta dibertsitaterako baliabide gehiago, plantillak berritzea eta egonkortzea, erretiroa ahalbideratzea, EPEak egitea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, langileen eguneratze eta prestakuntzarako baliabideak handitzea.

Herri eta auzo guztietako hezkuntza beharrei modu egokiagoan erantzuteko hezkuntza publikoa sendotzearen premia azpimarratu du ELAk.

Era berean, LOMCEren kontrako bidean, pedagogia berritzaile eta inklusiboan aurrerapauso nabarmenak emateko momentua dela uste du sindikatuak, Euskal Herrian sustraituta mundu zabalera irekitzen eta gure inguruan eragiten lagunduko digun garapen pertsonal eta soziala bultzatzeko momentua, euskalduna den eta euskalduntzen duen hezkuntza sistema garatzekoa. Eta horretarako langile talde egonkorrak eta kohesionatuak izateko premia agertu dute ELAren ordezkariek.

Eman beharreko pausoen artean, ezinbestekotzat jo dute hezkuntza eragile eta jendartearen benetako parte-hartze aktibo eta demokratikoa bultzatzea eta eskualde, herri edo auzoetako errealitate eta behar ezberdinei modu egokian erantzuteko ikastetxeen autonomia eta hezkuntza proiektu propioa garatzeko beharra.

Azalpenekin batera, beste hezkuntza eragile batzuekin osaturiko LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraikitzeko gida banatu die legebiltzarreko talde ezberdinei eta argi adierazi LOMCEa gure ikastetxeetan ez sartzeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzeko bertan azaltzen diren neurriak bultzatuko dituztela ikastetxe eta herri guztietan.

Hau aurrera eramateko laguntza eta babesa eskatu die talde ezberdinei.