ELAk mobilizazioak eta grebak indartuko ditu Bizkaiko autoeskoletan patronalak benetako proposamenik egiten ez badu

2021/09/24
Bizkaiko autoeskoletako grebaren hamargarren eta azken egunean – Irailaren 20tik 24ra – ELAk idazki bat erregistratu du APAVI patronalaren egoitzan, adostasunetan aurrera egiteko proposamenak egiteko eta, horrela, gatazka bideratu ahal izateko. Sindikatuak salatu duenez, patronalak ez du oraindik proposamen egokirik egin gatazka bideratzeko eta sektorearen prekaritatea saihesteko. Gauzak horrela, aurrerapenak ekarriko dituen proposamenik ez dagoen bitartean, mobilizazioen eta greben dinamika indartu beharko duela aurreratu du.

ELAk gogorarazi du langileek 11 urte daramatzatela Hitzarmena berritu gabe; soldatak, ordutegiak eta gainerako lan-baldintzak eskasak dira, eta, askotan, irregularrak. Gainera, generoen arteko alde handia dago administrazioko lanpostuetan, lanpostu feminizatuenetan. Sindikatuaren ustez, sektorea duintzeko eta profesionalizatzeko ezinbestekoa da gero eta prekarioagoak diren lan eta soldata baldintzak erregularizatzea eta duintzea. Hona hemen aldarrikapen nagusietako batzuk:

  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21:00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.

ELAk grebalariak zoriondu ditu, jasaten dituzten lan-baldintza prekarioen aurkako borrokan konpromiso eta indar handia erakutsi dutelako, irailean aste honetarako deitutako grebak izan duen babes zabalak erakusten duen bezala.