ELAk murrizketa berriak salatzen ditu 2012-13 ikasturterako eta Celaaren gezurrak arbuiatzen
Pasa den ikasturte bukaeran aurreikusi eta ELAk salatu zuen moduan, Eusko Jaurlaritzak jendarteari kontrakoa sinestarazi nahi dion arren, murrizketa berriak inposatu ditu Isabel Celaak zuzentzen duen sailak.
Murrizketa berri hauek gainera azken urteetan Hezkuntza Sailaren propaganda ofizialak dioenaren aurka inposatu diren murrizketei gehitu behar zaizkie.
Besteak beste, 2010-11 ikasturtean 5.000 ikasle gehiago hezteko ia 200 langile gutxiago kontratatu zituen Hezkuntza Sailak. 2011-12 ikasturtean ia 8.000 ikasle gehiagorentzat 200 langile gehiago besterik ez. Eta 2012-13 ikasturtean ia 7.000 ikasle gehiagorentzat 150 langile gutxiago. Honi ordezkapenak ez egiteak edota atzerapenez egiteak suposatu duen atzeradaka larria gehitu behar zaio.
Bestalde, itunpeko irakaskuntzan ere, hitzarturiko gelak gutxitzearen edota gelako ikasle kopuruak igotzearen ondorioz ere hainbat lanpostu galdu dira eta kaleratzeak eman dira.
Azken ikasturteetan izan den ikasle kopuruaren handitzeari egoki aurre egiteko beharko liratekeen ehundaka irakasle eta langileren kontratazioa bultzatu beharrean, Eusko Jaurlaritzaren erabakia murrizketa larriak inposatzea izan da.
Hitz polit eta propagandaren atzean, Celaa sailburuak Madrilek proposatu aurretik ere inposatu dituen murrizketak eta ondorengo ikasturteetan mantendu dituenak ezkutatu nahi ditu.
Gogoratu beharrean gaude 2009tik 2010era hezkuntzarako aurrekontua 41 milioi eurotan murriztu zuela Eusko Jaurlaritzak, 2010etik 2011ra 41 milioi horiei beste 217 milioi kendu zizkien eta 2011ko aurrekontuetatik 2012ko aurrekontuetara beste 24 milioi. Hiru urtetan ia 300 milioi euroko murrizketa.
Murrizketa testuinguru honetan kokatzen da baita ere, Mahaia Orokorrean oposaketetara ateratzea hitzarturiko 5.100 plazetatik 3.044 atera gabe utzi izana.
ELArentzat guztiz onarkaitza da edozein testuingurutan hezkuntzan horrelako murrizketak inposatzea, baina are gehiago krisi egoera honetan. Eta erabat lotsagarri eta arduragabetzat jotzen ditu Hezkuntza Sailburuak murrizketa hauek ezkutatzeaz gain, EAEn hezkuntzan babeslea bera denaren itxura eman nahi izaten aritzea eta aitzakia honekin propaganda egitea.