ELAk Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak oposizioak ez deitzea gaitzesten du

2012/02/02
Erabakiarekin Iribas kontseilariak hezkuntza kalitatea eta zerbitzu publikoak kaltetzen ditu

Urtarrilaren 26.ean Hezkuntzako Mahai Sektorialean Espainiako Hezkuntza Ministroa erkidego guztietako Hezkuntza arduradunekin bildu zen. Bertan, Espainiako Hezkuntza Ministroak proposatuta 2012 ikasturteko hezkuntzako enplegu publiko eskaintza bertan behera uztea erabaki zuten hainbat erkidegok, Nafarroako Hezkuntza Departamentua haien artean.

ELAk azaroak 7ko mahai sektorialeko bileran jada oposizioak dei zitzala exijitu zion Hezkuntza Departamentuari. Bertako langileen ehuneko 20 baino gehiagok behin-behineko kontratua duela salatzen zuelarik.

Aurten oposizioak ez deitzeko erabakiak agerian uzten du, ELAren ustetan, Iribas kontseilariaren arduragabekeria. Langabeziak gora egiten duen bitartean, Nafarroako agintariek enplegu publikoa suntsitzea erabakitzen dute, Madrilgo Gobernuan dagoen Alderdi Popularraren aginteei jarraituz.

Krisialdi garaian inoiz baino beharrezkoagoak dira kalitatezko zerbitzu publikoak eta hauek ezin dira bermatu administrazioko langileen kopuru handi batek behin-behineko kontratua duelarik.

Horregatik guztiarengatik ELAk Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, Hezkuntza Publikoaren kalitaterako onuragarria delako, arduraz joka dezan exijitzen dio eta ikasturte honetarako irakasleen oposizioak dei ditzan.