ELAk oposizioetara maisu-maistren kidegorako 400 lanpostu ateratzea exijitzen dio Nafarroako Gobernuari
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak oposiziora 147 lanpostu deituko dituela iragarri zuen pasa den astean. 2010 urteko azaroan 400 lanpostu aurreikusi zituen departamentuak berak sindikatuei bidalitako proposamenean. Oraingoan, hainbat aitzakiei helduta kopurua erdira baina gutxiagora murriztu du.
Krisialdi garaian inoiz baino beharrezkoago da enplegu egonkorra sortzea. Erabaki horrekin jendearengan egonezina piztu eta zerbitzu publikoak hondatzea lortzen du Nafarroako Gobernuak.
Ehundaka pertsona dira hilabeteetan zehar oposizioak ikasten denbora eta dirua inbertitu dutenak. Pertsona hauekin guztiekin iruzurra egitea liteke haien berezitasunean orain lanposturik ez eskaintzea.
Lanpostu kopuru eskasa deitzeko arrazoien artean Nafarroako Gobernuak dio estatuko aurrekontu legeak lotua dagoela eta jubilazioen ehuneko 30 soilik atera ahal duela oposiziora. Eusko Autonomi Erkidegoan ordea 1200 bat lanpostu dira eskaintzen direnak. Gezurra, beraz.
Beste erkidegoetan oposizioak ez deitzekotan jende asko Nafarroara etorriko ote den beldur dago baita ere departamentua. Gezurra, berriz ere. Batetik euskarako lanpostuekin ez delako hori gertatzen (euskara gaitasuna eskatzen baitzaie) eta bestetik argudio horrek ez duelako justifikatzen gaztelaniaz 95 lanpostu deitu izana (guztiak ingeleseko berezitasunean).
Argi dago beraz Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren erabakia ez dela arrazoi sendoetan oinarritzen eta horren atzetik erabaki politiko huts bat dagoela: oraingoan enplegu ezegonkorraren bidez zerbitzu publikoen suntsipenean beste pausu bat besterik ez ari dela ematen.
Gobernuak berak sinatutako akordioetan 400 lanpostu deitzeko konpromisoa zegoen eta behin-behinekotasun tasa ehuneko 8ra murriztea. Erabaki hau ez doa norabide horretan. Gainera indarrean dagoen oposizio sistemaren azkeneko deialdia da aurtengoa. Hurrengo oposizioetan beraz, hautagaiek sistema beri bati aurre egin beharko diote. Horregatik guztiarengatik ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuari behar bezain beste lanpostu oposizioetara dei ditzan exijitzen dio.