ELAk oso positiboki baloratzen ditu astearte eta ostegunean gizarte ekimeneko ikastetxeetan izan diren lanuzteak

Gaur, urriak 24, osteguna, pasa den iralaren 26ean buruturiko grebari jarraipena ematen zien urriko lanuzteen bigarren eguna burutu da. Asteartean moduan, milaka langilek egin dute ordubeteko lanuztea eta beraien ikastetxeen aurrean elkarretaratu dira edota hartu dute parte toki ezberdinetan burutu diren manifestazio jendetsuetan.
Lanuzteak deitu dituzten ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek pasa den irailaren 26ean plazaraturiko oinarrizko hiru eskakizunak aldarrikatu dituzte berriro ere:
-
Patronalek alde bakarrez urraturiko hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea.
-
Hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiatzea
-
Lan-erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean EAEko hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean honek balio izatea.
Sindikatuek gogora arazten dute patronalek EAEko hitzarmena hautsi zutela eta oraindik bete gabe daukatela Auzitegi Gorenaren sententzia mahai gainean izan arren, EAEko sektoreko lan-harremanen esparrua txikitu dutela estatuko hitzarmenera joz eta oraindik ez dutela sindikatuen oinarrizko eskaerei inolako erantzunik emateko asmorik agertu.
Modu berean, sortu den egoera larrian ardura zuzena duela uste dutelako eta egoerak diru publikoz finantzaturiko hezkuntza sistemaren erdiari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote langileak sakrifikatu gabe gatazkari konponbidea emango dion irteera aurki dezala.
Datorren urriaren 29 arratsalderako sindikatuek elkarretaratze jendetsuak deitu dituzte Bilbon, plaza eliptikoan, Donostian Kristau Eskolaren egoitza aurrean eta Gasteizen Gotzaindegiaren aurrean.
Ikus argazki galeria: