ELAk oso positiboki baloratzen du itunpeko irakaskuntzako gizarte ekimeneko ikastetxeetan izan den lanuztea eta burutu diren mobilizazioak

2013/10/22
Inolako murrizketarik gabe ikastetxe guztietan aplikatuko den EAEko hitzarmena aldarrikatzeko lanuzteek pasa den irailaren 26ko grebaren antzeko jarraipena izan dute eta elkarretaratzeak burutu dira ikastetxe gehienetan.

Pasa den iralaren 26ean buruturiko grebari jarraipena emanez milaka langilek egin dute ordubeteko lanuztea eta beraien ikastetxeen aurrean elkarretaratu dira edota hartu dute parte toki ezberdinetan burutu diren manifestazio jendetsuetan.

Lanuzteak deitu dituzten ELA, CC.OO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek pasa den irailaren 26ean plazaraturiko oinarrizko hiru eskakizunak aldarrikatu dituzte berriro ere:

  • Patronalek alde bakarrez urraturiko hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea.

  • Hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiatzea

  • Lan-erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean EAEko hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean honek balio izatea.

Modu berean, sortu den egoera larrian ardura zuzena duela uste dutelako eta egoerak honek ia hezkuntza sistemaren erdiari eragiten diolako, Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diote gatazkari konponbidea aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezala.

Gaurko lanuzteaz gain, sindikatuek gogoratu dute datorren ostegunerako urriaren 24rako beste ordubeteko lanuztea deitua dagoela eta uriaren 29 arratsalderako elkarretaratze jendetsuak Bilbon, plaza eliptikoan, Donostian Kristau Eskolaren egoitza aurrean eta Gasteizen Gotzaitegiaren aurrean.

Ikus argazki galeria: