IES LAUDIO GOIKOA BHI

ELAk berehalako neurriak eskatu ditu amiantoa eta segurtasun arazo larriak daudelako

ELAk berehalako neurriak eskatu ditu amiantoa eta segurtasun arazo larriak daudelako
ELAk Arriskuen Ebaluazioa, txosten teknikoak eta jarduera plana eskatu dizkio Hezkuntza Sailari, langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko.

ELAk Hezkuntza Sailari eskatu dio Laudio Goikoa eraikinaren Arriskuen Ebaluazioa eta prebentzioari lotutako dokumentazio guztia helarazteko, eraikinaren segurtasunean eta erabilgarritasunean eragina duten gabezia larriak antzeman ondoren.

Kezka handiena eragiten duten arazoen artean daude pabiloi batean atzemandako amiantoaren presentzia, instalazio elektriko zaharkitua, uraren kalitatearekin lotutako gorabeherak (nikelaren presentziaren ondorioz), erabileratik kanpo dauden komunak, igogailurik eza eta segurtasun elementu batzuen narriadura, hala nola barandena.

Egoera are larriagoa da eraikinak Lanbide Heziketako ikasleak ez ezik, Zereginen Ikasketa Gelako ikasleak ere hartzen dituelako. Horregatik, ELAren ustez, ezinbestekoa da irisgarritasun, segurtasun eta erabilgarritasun baldintza egokiak bermatzea.

Duela aste batzuk Hezkuntza Sailak eraikina ixteko asmoa iragarri bazuen ere, azkenean zabalik mantentzea erabaki du, zaharberritze-lanak eta jarduera akademikoa batera uztartuz. Hala ere, oraindik ez du zehaztu nola egingo den hori, eta egoerak kezka handia sortu du hezkuntza-komunitatean.

ELAk gogorarazi du 2013tik hona Laudio BHIko zuzendaritza-taldeek behin eta berriz eskatu dituztela eraikina konpontzeko eta hobetzeko lanak. Orain arte egindako esku-hartze puntualak, ordea, ez dira nahikoak izan arazoei irtenbidea emateko. Izan ere, Hezkuntza Saileko ordezkariek eurek publikoki aitortu dute eraikinak inbertsio handiak behar dituela baldintza egokietan egon dadin.

Horren aurrean, ELAk indarrean dagoen Arriskuen Ebaluazioa eta haren eguneraketak jasotzea eskatu du, baita ebaluazio horretatik eratorritako prebentzio-plangintza ere. Horrez gain, eraikinaren egoerari, amiantoari, uraren kalitateari, instalazio elektrikoei eta irisgarritasunari buruzko txosten teknikoak eskatu ditu, bai eta langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko ezarritako neurrien berri ere. Era berean, iragarritako jardueren egutegia eta gauzatze-epeak ezagutaraztea exijitu du.

ELAk gogorarazi du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeak administrazioari langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko betebeharra ezartzen diola. Horregatik, gardentasuna, informazio eguneratua eta prebentzio-neurri eraginkorrak eskatu ditu, langileen eta ikasleen segurtasuna ezin baita etorkizuneko inbertsioen edo erabaki administratiboen mende utzi.