Hezkuntza bilera
ELAk ratioak, karga burokratikoak eta behin-behinekotasuna izango ditu eztabaidagai

Hezkuntza sailak sindikatuak deitu ditu bihar goizeko 11etan Lakuan izango den bilera batera. Orain arte administrazioak ez du inolako proposamenik jarri mahai gainean. ELArentzat kezkatzekoa da “enegarren bilera besterik gabe egitea, mamirik gabe, negoziatzeko borondatearen plantak egiteko, hau da, milaka irakasle galdegiten ari den neurri konkretuei erantzun gabe”.
Horregatik, ELAk sailari neurri konkretuak eskatuko dizkio aldarrikapenei erantzuteko; halakorik ezean greba dinamikari eusteko asmoa du sindikatuak. ELAren iritziz, antidemokratikoa da Hezkuntzak eskatu duena: irakasleek grebak bertan behera uztea, negoziatzeko baldintza gisa. Hain zuzen grebek behartu dutenean gobernua mahaian esertzera.
“Haatik, hamaika bilera egin ondoren ere, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako proposamenik egin, langileen eskarietara hurbiltzeko modukoak, alegia”, kexu da sindikatua.
Hauek dira ELAren aldarrikapenak:
- Ratioen jaitsiera eta giza-baliabideen handitze nabarmena (ez dira azaleko neurriak
onartzen). - Lan-karga arintzea: Bereziki burokratizazioari buruzko mugak eta lanaldi murrizketa.
- Erosahalmena benetan berreskuratzea. Azken lau urteetan % 7 baino gehiago galdu da
- (KPI erreferentziatzat hartuta).
- Erretiroa: Erretiro adina aurreratu eta erretiratzeko aukera izateko baldintzak hobetzea.
- Behin-behinekotasun tasa erreala % 8ra jaistea eta ordezkoen lan-baldintzak hobetzea.
- Lan-osasuna bermatzea.
Irakasle publikoek dagoeneko 9 greba egun egin dituzte; hauek jarraipen handia izan dute eta milaka lagun mobilizatu da kalean.
“Hezkuntzak, ordea, ez die erantzunik eman langileen eskariei eta negoziatzerakoan xantaia baliatu du; bilerak beharrik gabe luzatu ditu milaka langileren eta familiaren artean tentsioa eta ziurgabetasuna hedatzeko; betiere propaganda egiteko asmoz”, dio ELAk.